FC Barcelona futbol taldean hasi da Ane Bergara beratarra

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 12a, 07:31
Ane Bergara, Beran ateratako argazki batean.

28 urterekin, bosgarren liga segidan irabazteko helburua duen futbol talde handiarekin fitxatu du

Ane Bergara Artieda, 28 urteko futbolari beratarrak, azkeneko lau denboraldietan Espainiako emakumeen futbol liga irabazi duen FC Barcelona taldearekin fitxatu du eta joan den astetik entrenatzen hasia da. 2011. urtetik Donostiako Real Sociedad taldean ari zen Bergara, baina uztailaren 1ean sinatu zuen hitzarmena Bartzelonako talde handiarekin.

 

Ane Bergara 7 urterekin hasi zen futbolean Hendaiako Englantins taldean. Gure Txokoako hondartzako taldean eta belar gaineko taldean aritu ondotik, 2002an Superligan ari zen Barañaingo Lagunak taldearekin fitxatu zuen, 15 urte bertzerik ez zituela. 2004an, Espainiako sub19 futbol taldearekin Europako txapeldun izan zen eta Nafarroako Futbol Federazioaren urrezko domina jaso zuen. 200eko uztailean Bartzelonako Espanyol taldearekin fitxatu zuen. Talde honekin liga irabazi zuen 2006an eta Espainiako Kopa 2006, 2009 eta 2010ean. Erran bezala, 2011n Errealarekin fitxatu zuen. Donostiako taldeak kontratua berritzeko eskaintza egin dio Ane Bergarari, baina FC Barcelonatik eskaintza ukaezina egin diote, bosgarren urtez segidan liga irabazteko aukera izanen baitu Bartzelonako taldeak.

Nafarroa, Euskal Herria, Katalunia eta Espainiako selekzioetan aritua da Ane Bergara, beheitiko kategoriatan. Espainiako selekzio absolutoan ere zenbait partida aritu da aurten, baina azkenean ez zuten Kanadako Mundiala jokatzera eraman. Espainiako emakumeen futbol liga irailaren 6an hasiko da eta Tenerifen jokatuko du FC Barcelonak. Etxeko lehen partida Levanteren kontra jokatuko dute eta hirugarren jardunaldian Bilboko Athletic bixitatuko dute Lezaman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun