Ultzamako Menditarrak nagusitu da Herriz herri txapelketako bigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 12a, 07:24
Joan den urtean txapeldun izan zen Arraioz, lehen konbinatuan.

Arraioz bigarren izan da bi proba konbinatuetan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen abuztuaren 8an Asiainen. Sei talde ari dira txapelketa honetan. Sei talde horietatik 4 aritu ziren larunbatean Asiainen, Iberoko Artzanegi, Ultzamako Menditarrak, Arraioz eta Berriozar. Bi proba konbinatuetan Ultzamakoak nagusitu ziren, Arraiozen aitzinetik.

 

Lehenbiziko proba konbinatuan (koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana) Menditarrak nagusitu zen (18:22.73), Arraioz izan zen bigarren (18:27.52), Berriozar hirugarren (19:09.61) eta Artzanegi laugarren (23:48.05).

Bigarren proba konbinatuan (Bi kirol), txinga eramaten eta ingude altxatzen aritu ziren eta hemen ere Menditarrak nagusitu zen, Arraioz bigarren izan zen, Berriozar hirugarren eta Artzanegi laugarren.

 

Datozen jardunaldiak

Hirugarren jardunaldia abuztuaren 16an izanen da Burlatan eta eskualdeko hiru taldeak lehian izanen dira, Ultzamakoekin batera. Beraz, Arraioz, Basaburua, Bera eta Menditarrak izanen dira aurrez aurre.

Finala abuztuaren 29an jokatuko dute Berriozarren, eta proba konbinatu bakoitzean, jardunalditako lau talde onenak pasatuko dira finalera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun