Larretxea eta Arria V nagusitu dira 14. Ramon Latasa Memorialean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 11a, 08:07
Ramon Latasa sarian parte hartu zuten aizkolariak, bertze kirolari, antolatzaile eta laguntzaileekin batera.

Iker Vicente eta Mieltxo Mindegiaren arteko desafioan Otsagabiako nagusitu zen eta Xanta Souzak hamar plaza egin zituen berrogeina kiloko txingekin

Ramon Latasa zenaren omenez hamalaugarren aldiz aizkora lehiaketa egin zuten abuztuaren 9an Sunbillan. Garaiko hamar aizkolari onentsuenak, bortz bikotetan banatu zituzten eta Donato Larretxea eta Xabier Orbegozo Arria V suertatu ziren garaile, jendez gainezka ageri zen pilotalekuan.

 

Aizkolariek kanaerdiko 10 enbor eta 60 ontzako sei enbor moztu behar zituzten eta Larretxeak eta Arria V.ak 30 minutu eta 51 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko eta minutu pasatxoko aldea atera zieten bigarren izan ziren Joseba Otaegi eta Jon Rekondo leitzarrari (31:55). Hirugarren postua Atutxa II eta Mugertza II.ak eskuratu zuten (32:02), laugarren postua Josemari Olasagasti eta Iñaki Azurmendi beteranoek (34:24) eta bosgarrena Floren Nazabal eta Ander Erasun aurtiztarrak (34:49).

Baina proba nagusiaz gain, izan zen bertzelakorik ere Sunbillan. Iker Vicente eta Mieltxo Mindegiaren arteko desafioa lau kanaerdikotara jokatu zen eta Otsagabiako nagusitu zitzaion Zubietakoari. Xanta Souza lesakarrak 40na kiloko txingekin hamar plaza (280 metro egin zituen), zaleen txalo artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun