Iruritak hamargarren aldiz irabazi du Baztan-Errekako Laxoa txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 3a, 11:14
Laxoa txapelketako ohorezko koadroa, omendutako Josu Prim eta sari emaileekin batera.

Abuztuaren 1ean herriko plazan jokatutako finalean 9-6 irabazi zion Donezteberi 

Baztan-Errekako 36. Laxoa txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 1ean Iruritan eta bertako taldea, Irurita Migelene suertatu zen txapeldun, Doneztebe The Moment taldeari 9-6 irabazita. Gisa honetara, joan den urteko finalaren errebantxa hartu zuten baztandarrek. Gorka Urtasun izendatu zuten finaleko jokalari onena eta Josu Prim ere omendu zuten.

 

Irurita Miguelena taldean, Xabi Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta Jagoba Ramos eta Egoitz Prim laurdenak aritu ziren. Azpitxapeldun izan zen Doneztebe The Moment taldearekin Pascual Bertiz sakalaria, Koldo Legarra numeroa eta Jokin Arraztoa eta Javier Bertiz laurdenak aritu ziren.

Lehenbiziko bi jokoak doneztebarrek eginzituzten ere eta hasieran Malerrekakoek agindu zuten: 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4. Baina lau joko segidan lortu zituzten iruritarrek (6-4) eta bukaera arte eutsi zioten aitzinaldeari (6-5, 8-5, 8-6 eta 9-6).

Joan den urtean doneztebarrak gailendu zitzaizkien iruritarrei Oizko plazan (5-9), beraz, aurten errebantxa hartu du Iruritak.

Epaile lanetan Jose Javier Elizaintzin (Irurita), Iñaki Mihura (Arraioz) eta Jose Miguel Artazkoz (Doneztebe) aritu ziren eta Josu Prim marrazain. Hain zuzen, sari banaketan omenalditxoa eskaini zioten Prim-i, hainbat urtez laxoaren alde egindako lana eskertuz. Horretaz gain, Gorka Urtasunek jaso zuen finaleko jokalari onenari Mikel Eizagirre zaleak ematen duen saria. 

 

Hirugarren postua Doneztebera

Larunbat goizean jokatu zen hirugarren posturako norgehiagokan Doneztebe Avia taldeak (Javiertxo Almandoz, Asier Mutuberria, Juan Telletxea eta Jokin Apezetxea) irabazi zion Arraioz B Lur sagardia taldeari (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Xabier Maritorena)

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun