Nafarroako erremonte txapelketako finalerdia Donezteben jokatuko dute

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 31a, 07:42
Nafarroako hamargarren erremonte txapelketaren aurkezpena egin zuten uztailaren 30ean.

Sunbillan ere jokatuko dute final laurdenetako ligaxkako partida bat abuztuaren 12an

Abuztuaren 1ean, larunbat honetan, abiatuko da hamargarren Nafarroako Erremonte txapelketa-Magna Sari Nagusia Zubiriko pilotalekuan. Lau bikote ariko dira: Urriza eta Patxi Olazar doneztebarra, Xanti Uterga eta Joxe Etxeberria III doneztebarrak, Etxeberria IV eta Barrenetxea IV gipuzkoarrak eta Josetxo Ezkurra II doneztebarra eta Endika Urrutia saldiastarra.

 

Zubirikoaren ondotik, abuztuaren 7an Lekunberrin, abuztuaren 11n Agoitzen, abuztuaren 12an Sunbillan, abuztuaren 15ean Burlatan eta abuztuaren 23an Zilbetin jokatuko dituzte final laurdenetako ligaxkako partidak.

Lehen fase honetan lehenbizikoa gelditzen den bikotea zuzenean sailkatuko da irailaren 2an Zubirin jokatuko den finalerako eta laugarrena kanporatua izanen da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdietako kanporaketa jokatuko dute Donezteben irailaren 18an, 18:30ean. Txapelketako partidekin batera, eskuzko pilota partidak ere jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun