Lau txerri parke finkatu ditu Sarako Herriko Etxeak Zuhalmendi inguruan

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 30a, 07:36
Euskal Zerria ezagutzeko ibilbideak ere proposatzen dira.

Bakoitzak 4 Hektarea ditu eta 160 euskal zerri haztea ahabildetzen dute aire librean, bertako arraza hori turistei eta bertakoei ezagutzera emateko helburuarekin 

Sarako herriko etxeak ingurumena errespetatzen duen laborantza iraunkorra landu eta garatu nahi izan du Euskal Txerri sailaren inguruan. Desmartxa hau Aldudeko ibarrean eramana den proiektu kolektiboari lotua da. Sarako Herriko Etxeak lau txerri parke finkatzea erabaki du, bakoitza lau hektarea inguruko azalerakoa. Orotara, parkeek ehun eta hirurogei euskal txerri haztea ahalbidetzen dute, aire librean, Zuhalmendiko gunean, Larrungo Trenetik hurbil.

Gune honen paregabeko kokapen geografikoak eta ingurumenak bai Euskal Txerri saila baita Hego Lapurdiko Hiriguneak lurraldean bideratu duen zirkuitu laburren politika baloratzea ahalbidetzen dute. Proiektuak gunearen antolaketa kontuan hartzen du; eta honi lotuz eskaintza turistiko, ludiko eta pedagogiko bat eskaintzen du. Eskaintza hau Euskal kostaldeko turistei eta Larrungo treneko ibiltariei zuzentzen zaie; baita tokiko biztanleei eta ikasleei ere.

Leader Euskal Mendia programan eta Euskal Mendiko jokabide egokien gidaliburuaren desmartxan sartzen da proiektu hau. Euskal Mendiko garapen iraunkorraren kartako proiektu horrek zortzi helburu operazionaletako lauri erantzuten die: Turismo iraunkorra antolatzea, ondare natural eta kulturala babestea eta balorizatzea, tarteko eremuak baloratzea eta mendiko ekonomiaren eta ingurumenaren hezkuntza garatzea.

 

Kintoa Euskal Txerri sailaren garapenean parte hartzea helburu

«Kintoa» Euskal Txerri sailaren garapenean parte-hartzea da proiektu horren helburu nagusia, zirkuitu laburrak kontuan hartuz. Proiektuaren bigarren mailako helburua garapen turistiko iraunkorraren eta ondare natural eta kulturalaren alde jardutea da.

Parke hauen antolaketak eta hauei lotutako eskaintza turistiko baten bideratzeak Aldudeko ibarrean abiarazi den Kintoa Jatorrizko Deitura Kontrolatuaren erakusleihoa Sarako herri bilakatzea ahalbidetuko dute. Honela, Sarako biztanleei, ikasleei eta turistei bisita gune berri bat eskaintzeko aukera eskainiko zaie.

Sarako Herriko Etxeak eramaten du proiektua, elkarlan hertsian interesatuak diren tokiko eragileekin: Aldude ibarreño eragileak, Euskal Txerri saileko profesionalak, Leader Euskal Mendiko programako teknikariak, Hego Lapurdiko Hirigunea, Terre & Côte Basques elkartea eta turismoaren tokiko eragile guziak, biztanle eta profesionalak.

Lurraldeari lotua den proiektu kolektiboa da Zuhalmendi, baita “Euskal Mendia” helmuga duen proiektua ere. Euskal Txerri saila eta Kintoa Jatorrizko Deitura Kontrolatuaren inguruko komunikazio estrategia orokor batean eramana da proiektua.

Tokiko, eskualdeko eta Europako eragile batzuek finantzatu duten 150.000 euroko proiektua da Zuhalmendi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun