Orhira eta Txamantxoiara igo dira Beti Gazteko 43 mendizale asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 29a, 08:19
Beti Gazteko mendizaleak Txamantxoiako kaxkoan. Argazkia: Javier Arriola

Larunbatean eta igandean ibilaldi politak egin zituzten lesakarrek Pirinioan barna

Lesakako Beti Gazte elkartearen mendi taldearen eskutik 43 lagun Pirinio aldean ibili dira asteburu honetan. Bi zeharkaldi egin dituzte, larunbatean Orhiko kaxkora igoz (2.019 metro); eta igandean Txamantxoiara (1.947 metro).

Uztailaren 25ean, larunbat goizeko 5:45ean abiatu zen autobusa Lesakatik 43 pertsonekin, Otsagabia aldera. Handik abiatu zen larunbateko zeharkaldia: Otsagabia-Abodiko gaina-Pikatua-Orhi (2.019)-Larrau. 27 kilometro inguruko ibilbidea eta 1.800 metroko desnibela. Eguraldiak ez zien batere lagundu Beti Gazteko mendizaleei eta euririk egin ez bazuen ere, behelainoa eta ipar haize gogorra izan zuten kasik egun osoan.

Uztailaren 26an, igandean, berriz, Isabako Asolaze kanpinetik abiatuta ibilbide zirkularra egin zuten, Txamantxoia mendian barna (1.947 metro). Igandean bai, eguraldi bikaina izan zuten eta tenperatura goxoa. Bortz ordu eta 1.100 metroko desnibela zuen ibilaldia giro bikainean egin zuten, 75. urteurrena gogoratzen ari den Beti Gazte elkartearen mendi atalaren arrakasta berria ospatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun