Igantziko liburutegia martxan jartzeko bilera eginen dute uztailaren 30ean

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 28a, 07:59
3.000 liburu dituzte katalogatuak Igantziko eskolan prestatu dute liburutegian.

Ortzegun arratsaldeko 8etatik aitzinera

Igantziko liburutegian lan egiteko izena eman zutenek uztailaren 30ean bilera bat izanen dute. Bertan, lana zein izanen den eta nola egin beharko duten Joxean Ortega irakasleak azalduko die eta liburutegia noiz irekiko den guztien artean erabakiko dute. Bilera Igantziko Eskolako liburutegian izanen da, uztailaren 30ean arratsaldeko 8etan. Udaletxetik dei bat eginen zaie data oroitarazteko.

 

3.000 liburu  katalogatuak

Orain dela 6 urte, 2008-09 ikasturtean, Igantziko eskolako ikasleak liburutegia antolatzen hasi ziren. Geroztik ikasleek, irakasleek, gurasoek eta baita herritar batzuek ere, lan horretan jardun dute aurtengo apirilaren 16a arte. Egun horretan heldue­tzat diren liburuak katalogatzeaz bukatu zuten. Osotara 3.000 baino liburu gehiago daude. Bideoak, Cdak, DVDak, jokuak, e.a. ere badira, gaztelaniaz eta euskaraz. Ikasleek etxeetara liburuak maileguan eramaten dituzte. Bakoitzak bere karneta du eta 6. mailako ikasleek liburuzainen lana bete dute orain arte. Mailegutza eskola ordutegian egiten zen arren, orain lan guztiak bukatu dituztenez, herri osoari zabaltzea eta altxor hori aprobetxatzeko aukera zabaldu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun