Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko 58 kide Estatu Batuetara abiatuko dira uztailaren 29an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko uzt. 27a, 07:41
Joan den urtean Bardeetan ospatu zuten Artzain Amerikanoen besta. Aurten Beran izanen da urriaren 3an.

Bortz urtetik behin egiten den Boiseko jaialdian hartuko dute parte eta bueltan, urriaren 3an, Beran ospatuko dute aurtengo Artzain Amerikanoen besta

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko 58 bazkide Estatu Batuetara abiatuko dira uztailaren 29an, «artzainek bere oroitzapenak berritu eta bere iragana erakus dezaioten senideei».

 

Uztailaren 29an, autobusetan abiatuko dira Erratzu eta Iruñetik eta bidean jendea hartu ondotik, Bilboko aireportutik, Madril eta Chicagon geldialdiak eginez, San Franciscon eginen dute gaua. Biharamon goizean, bortz urtetik behin egiten den Boiseko jaialdian hartuko dute parte eta errekonozimendua ere jasoko dute.

Abuztuaren 2an Elkorat abiatuko dira, bidean Twin Falls-eko urjauzi ezagunak bisitatuz. Abuztuaren 3an Elkoko Star Hotelean bazkalduko dute (Alfonso Igoa lesakarraren semea da jabea) eta Anita Anakaberen denda bakeroan erosketak egin, Biltokin afaldu, Paris familiaren errantxoa bixitatu eta Euskal Etxean afalduko dute.

Abuztuaren 5ean, Winemuccako Martin Hotel euskal jatetxean bazkalduko dute eta musean jokatu ondotik, Fernleyko rodeoa ikusiko dute, herri horretako alkateak espreski gonbidaturik.

Abuztuaren 6an Lake Tahoe bisitatuko dute, bidean Nevadako hiriburua den Carson Citytik pasatu eta Iparraldeko Lekunberri familiaren J.T. jatetxean bazkalduz. Renon ere bi egun pasatuko dituzte, horietako batean Joxe Mallearen eskutik, zuhaitzetan artzainen arboglifoak (eskuz egindako irudiak) Parke Nazionala bixitatuko dute. Bertako basozainak, normalean bixitatzen ez diren lekuetara ailegatzeko autobus ttikiagoak ere taldearen esku utziko omen ditu, «artzainekin duten zorra» errekonozituz.

Abuztuaren 8an Garnedvilleko picnicean parte hartuko dute eta Sacramenton gaua eman eta Capitolioren aitzinean argazkiak atera ondotik, San Franciscoko Euskal Etxean bazkalduko dute. Hiri honetan eta inguruan emanen dituzte azken egunak, abuztuaren 13an bueltatu baino lehen.

Taldearen arduradunak artzainen hiru alaba izanen dira, Ameriketan sortuak izanagatik Nafarroan bizi eta nafar sentitzen direnak: Laura Igantzi, Angie Otxandorena eta Josepine Etcheverry.

 

Artzain Amerikanoen besta urriaren 3an Beran

Behin bidaia bukatuta, Ameriketan ibilitako euskal artzainek berriz ere biltzeko aukera izanen dute urriaren 3an Beran eginen den urteroko bestan. Bizkaiako artzainak ere espero dituzte Beran eta txartelak irailean jarriko dituzte salgai ohiko lekuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun