Berako XII. Txirrindulari saria bertan behera gelditu da bolondres faltarengatik

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 23a, 08:04
Joan den urteko podiuma Berako Txirrindulari Sarian. Aurten ez da horrelako irudirik ikusterik izanen.

Iganderako aurreikusia zegoen kadete mailako txirrindulariendako proba ez da eginen

«Bolondres guttiegik baieztatu digute haien presentzia eta horregatik, XII. Berako txirrindulari saria bertan behera geratu da. Ez da eginen» Halaxe dio Gure Txokoa elkartearen oharrak.

 

Bolondresen lana behar-beharrezkoa izaten da gisa honetarako probetarako eta lehendik ere behin edo bertze lasterketak kolokan izan dira. Gure Txokoaren oharraren arabera, «badakigu batzutan jendea azken momentuan etortzen dela euren laguntza eskaintzera, beti badagoela jendea presentzia baieztatu gabe Iamoteneara hurbiltzen dena. Beti pentsatu izan dugu «honako hau seguru etorriko dela» edo «aurreko lasterketan honako bertze hau ere etorri zen».... baina egun batean ez badira etortzen pertsona horiek? etorriko diren ideia izan dezakegu, bai, baina baieztatu gabe ezin da inorekin kontatu, badaezpada. Pertsona hoiekin kontatzen badugu eta azkenean ez badira etortzen? Lasterketa gauzatu gabe geratuko da, behin txirrindulariak, taldeak, epaileak, foralak eta anbulantzia prest daudela?».

Argi erranda, baieztatu gabeko bolondresekin ez du kontatzen Gure Txokoak eta baieztapena egiteko hainbat modu ezberdin badituztela gogoratu dute (emaila, telefonoa, facebooka, ezagunak... denak ezagutzen dugu elkar). «Minimo batzuk behar ditugu, bai motoekin ibiltzeko, bai bidegurutzetan egoteko. Baldintzak betetzen ez dituen lasterketa bat ezin da egin», dio oharrak.

Elkartea guztiena den bezala, antolatzen dtuzten ekitaldi denak ere guztienak direla gogoratu dute, baita lasterketa hau ere. «Eta gure herrian gauzak antolatzea nahi badugu, –dio Gure Txokoak– denon aldetik jarri behar dugu zerbait. Eta horregatik, ez dugu uste beti negarrez ibili beharko genukenik bolondresen bila, jendea gehiegi nekatzen duen lana baita».

Halere, elkartearekin harremanean jarri eta beraien presentzia baieztatu dutenak eskertu nahi dituzte eta penaz, Berako XII. Saria bertan behera uztea bertze aukerarik ez zaiela gelditzen dio Gure Txokoak, «hurrengoan ea egiterik dugun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun