Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatu dute Iruñean

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 14a, 09:31

Abuztuaren 15ean Ezkurran jokatuko den finalean zein bortz aizkolari ariko diren erabaki da 

Iruñeko Sanferminetako azkenaurreko egunean Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatu zen uztailaren 13an. Zortzi aizkolari aritu ziren lehian, abuztuaren 15ean Ezkurran jokatuko den finalerako bortz txartelen bila.

Bi kanaerdiko moztu behar zituzten eta denetik bizkorrena, alde nabarmenarekin, Arostegiko Oier Kañamares izan zen (4:46). Kasik minutuko aldea atera zion Zigako Joxean Etxeberriari (5:41). Beintza-Labaiengo Jon Telletxea izan zen hirugarrena (6:05) eta Arbizuko Iosu Agirre laugarren (6:34). Finalerako azken txartela ematen zuen bosgarren posturako lehia polita izan zen eta azkenean Ezkurrako Moises Gogorzak lortu zuen (8:11). Beraz, herrian jokatuko den finalean aritzeko modua izanen du Gogorzak.

Finaletik kanpo gelditu ziren Olaztiko Abel Uria (8:48), Gerendiaingo Esteban Pikabea (9:16) eta Uharteko Koldo Garcia (12:07).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun