Saveran lortutako hitzarmen kolektiboaren akordioa “hagitz positiboki” baloratu du ELAk

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 13a, 08:15

Kalitatezko enplegu duina bermatzen duela uste du

Berako Savera enpresako langileen enpresa hitzarmenaren berrikuntzarako akordioa lortu dute bi urterako. Urteko 1.689 orduko lanaldia izanen dute eta 2015ean soldataren igoera %1ekoa izanen da eta 2016erako %1,5ekoa. ELA sindikatuak «oso positiboki» baloratu du hitzarmena, «kalitatezko enpleguaren sustapena eta kontratazio mugagabea» lehenetsi delako eta gainera, «hitzarmenaren atal desberdinek lan baldintzen hobekuntza ugari» jasotzen dituztelako.

Hitzarmen honen eraginez, ELAko datuen arabera, «13 dira dagoeneko 2013. urtetik hona aldi baterako kontratu tenporala izatetik kontratu mugagabea lortu duten langileak».

Hala nola, ELAk positiboki baloratu du lortutako soldata igoera, baita «hitzarmenez hitzarmen indartuz doazen lan baldintzen blindajearen mantentze eta bermea, modu honetan, enpresak ez baitu lan erreforma aplikatzeko aukerarik izango». Instrumentu zehatzen bidez, Saverako langileen lan baldintzen kalitatea ere bermatzen da, «mutuei gaixotasun arrunten gestioa burutzeko muga jartzea, ultraktibitate mugagabea, enpresak hitzarmena ez aplikatzeko aukerarik ez izatea…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun