Berako II. Gau krosean izena emateko epea zabalik dago

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 10a, 09:52
Linternaren argipean, ehundaka lasterkarik parte hartuko dute Manttalek antolatzen duen bigarren gau krosean.

Manttaleren web gunean

Abuztuaren 1ean, larunbata, ospatuko da, 7.3 kilometroko luzera eta 300 metroko desnibel positiboa dituen proba. 200 parte hartzaileko muga jarri dute antolatzaileek eta izen-ematea Manttaleren webgunean egin daiteke. 5 euro ordaindu beharko dituzte federatutakoek eta 8 euro federatuta ez daudenek. Egunean bertan izena emanez gero, 10 euro ordaindu beharko dira.

Dortsalak abuztuaren 1ean banatuko dituzte irteeran 20.00etatik aitzinera eta 22:00etan abiatuko dira lasterkariak. Bi kategoria egonen dira, emakumezkoena eta gizonezkoena eta helmugaratzen diren lehenengo bi koadrilentzat eta partaide gehien dituen koadrilarentzat ere sariak egonen dira.

Parte hartzaileek derrigorrez frontala eraman beharko dute. Dena den, ibilbidea ongi seinalizatuta egonen dela jakinarazi dute Manttaleko arduradunek. 

Lasterketaren, irteera eta helmuga Altzateko merkatu plazan izanen da: Altzateko Merkatu Plaza (irteera), Altzate karrika, Mukixu, Julio Caro Baroja karrika, Ugalzubia, Matzada, Illekueta, Altzateko plaza, Altzate karrika, Legia, Matzenborda, Ezpondakoborda, Lazarenborda, Plaza Zaharra, Gernikako arbola karrika, Xubixabal, Bidasoa karrika, Espidobaita, (pareko eskaileretatik goituta), Kaxerna, Garmendiko borda, Haritzalde, Mitxinborda, Egurregi, Garakoetxeko Borda, Sarron, Lamixene, Illekueta, Altzateko Merkatu Plaza (helmuga).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun