Eguerdian lehertuko den altxaferoak emanen die hasiera Lesakako San Ferminei

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 6a, 09:15
Eguerdiko 12:00etan botatako altxaferoaren ondotik, txistulariek, soinulariek, trikitilariek eta haurren danborradak girotuko dituzte karrikak.

Beti Gazteko Baxilio Etxebestek botako du txupinazoa

Asteburuan besta giroa nabaritzen hasi den arren, uztailaren 6an, jantziko dira  karrikak lehenengoz zuri-gorriz. 12:00etan Baxilio Etxebestek, Beti Gazteren izenean, botako du txupinazoa. 75. urteurrena ospatzen ari da elkartea aurten eta lehenbiziko trofeo handiak lortu zituen talde haietatik bizi den taldekide bakarra da bera. Gaur hasi eta uztailaren 11ra bitarte, izanen da non gozatua. Udalak eta txozna batzorde eta ostatuek prestatu dituzten ekitaldietan.

12:00etan Herriko Etxetik botako dute altxaferoa eta ordu berean txistulariek, soinulariek, trikitilariek eta haur ttikien danborradak girotuko dituzte karrikak. 17:30ean Tantirumairu Euskal Folklore taldearen erakustaldia izanen da frontoian. 20:00etan peña guztien ordezkariek altxaferoa bota ondoren danborrada nagusia abiatuko da. Erraldoi, buruhaundi, danbor-jole, soinulari eta Lesakako bandarekin batera herriari itzulia emanen diote. Gauean Musika izanen da Plaza Zaharrean.

Txozna Batzordeak eta herriko ostatuek ere prest dituzte ekitaldiak. Txupinazoaren aurretik, giroan sartzen hasteko, herri gosaria eginen dute 10:30ean txoznetan. 19:30ean irekiko dira txoznak eta gauean ere giro bikaina izanen da bertan,  22:30ean kontzertuak hasiko baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun