Txupinazoaren aitzineko asteburuan ere hainbat ospakizun izanen dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko uzt. 3a, 09:47
Bidasoaldeko erraldoiei harrera eginen diete Lesakakoek igande goizean.

Ortziral arratsean Disney Fantasy kontzertua, larunbatean mariatxiak eta igandean erraldoien topaketa, bertzeak bertze

Iruñean bezala, Lesakan ere astelehen eguerdian botako dute Sanferminak hasteko txupinazoa, baina aitzineko asteburuan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besta giroan murgiltzeko balioko dutenak.

Ortziral arratseko 10etan Disney Fantasy kontzertua eskainiko du Lesakako Musika Bandak frontoiaren gibeleko aparkalekuan. 1.500 lagunendako eserlekuak jarriko dituzte eta Disney pelikula batzuetako soinu-bandak eskainiko dituzte, pertsonai ezberdinetaz mozorrotuko diren abeslariekin eta familia bat irudikatuko duten lau antzezlerekin batera. Kontzertuaren aitzinetik, 18:30ean Minnie eta Mickey Mouse karrikaz karrika ibiliko dira haurrak agurtuz.

Larunbat goizeko 10etan Pagolleta Ehiza Elkarteak antolatutako Plater-Tiroketa izanen da Ilasmendin. 16:00etan, Arkupe elkarteak antolatuta, haurren pilota erakustaldia udal pilotalekuan. 23:00etan, Txamukos Mariatxiak taldearen emanaldia Onin errekaren gainean.

Aipatu behar da Herri Olinpiaden laugarren eta hondar jardunaldia ere larunbatean eginen dela. Larunbat goizeko 11etatik aitzinera, ginkana eginen dute plazan eta ondotik, herri bazkaria eta sari banaketa eginen dute.

 

Bidasoaldeko Erraldoien Topaketa

Uztailaren 5ean, igande goizeko 11etan Bidasoaldeko Erraldoien Topaketa antolatu du Beti Gaztek, 75. Urteurreneko ekitaldien baitan. Lesakakoekin batera, Bera, Doneztebe, Elizondo, Etxalar, Igantzi eta Sunbillakoak bilduko dira Harriondoa Kultur Etxean eta handik abiatuta kalejiran ibiliko dira.

18:30ean herri kirol erakustaldia eginen dute plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun