Nafarroako koxkor biltze txapelketaren finalerako boskotea erabaki da

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 30a, 09:37
Fernando Etxegaraik Nafarroako hamazazpigarren txapela janzteko aukera izanen du Elizondon.

Uztailaren 26an jokatuko da finala Elizondon

Nafarroako koxkor biltze txapelketako kanporaketa jokatu zuten ekainaren 27an, Uharte-Iruñeko plazan. Zazpi kirolari aritu ziren eta horietako bortz lehenbizikoek lortu zuten uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalerako txartela.

 

Ohi bezala, 50 koxkor bildu behar izan zituzten, 1,25 metrotara jarriak bi lerrotan. Bizkorrena faborito nagusia izan zen, Fernando Etxegarai beratarra, sei minutu eta 10 segundotan bete baitzuen lana. Etxegaraik 16 aldiz irabazia du Nafarroako txapelketa eta bertze zortzitan Euskal Herrikoa. Bigarren Andoni Lasaga etxalatarra izan zen (6.36), hirugarren Berriozarko Eder Goldarazena (6.46), laugarren Anizko Unai Iantzi (6.48) eta bosgarren Etxalarko Iñigo Lasaga (7.01). Beraz, bortz kirolari hauek izanen dira uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalean. Finaletik kanpo gelditu ziren seigarren Elizondoko Mikel Iantzi (7.13) eta zazpigarren Berriozarko Iker Mariezkurrena (7.24).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun