Erremonteko promozio txapelketa irabazi du Aritz Zubiri goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 29a, 07:44
Promozio txapelketako txapeldunordeak eta Ansa II eta Zubiri txapeldunak.

Ansa II.rekin bikote eginez, 40-39 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari final gogoangarrian

Martxoan promesas txapelketa irabazi zuen Aritz Zubiri goizuetarrak, Otaegirekin bikote eginez. Hiru hilabete beranduago profesional mailako bigarren txapela jantzi du, Ansa II.arekin batera Promozio txapelketako final bikainean Segurola eta Larrañagari 40-39 irabazita.

 

Adituen erranetan, aspaldiko finalik onena izan zen larunbatekoa Galarretan. Lau finalistek partida bikaina jokatu zuten eta txalo zaparrada batekin agurtu zituzten, kontuan hartuz kantxa gainean ez zegoela koadroko figura bakar bat ere. Pena bakarra, ezin deneri txapel bana eman. Denetik izan zuen finalak: emozioa, kalitatea, tantu bikainak, piloteoa, lana, berdintasuna, gogortasuna…

Hasiera orekatu baten ondotik, urdinez jantzita zeuden Segurola eta Larrañagak lehen aldetxoa lortu zuten 8-12koan. Baina berriz ere oreka ailegatu zen hamahirunakoan. 21-20koaren ondotik, gorriak agintzen jarri ziren, 27-21 eta 31-25. Baina urdinek ez zuten txapelik oparitu nahi eta 2-11 partzial batekin, 33-36 aitzinetik jarri ziren berriz ere. Baina borrokan segitu zuten gorriek ere- 36-38 eta 38-39 galtzen joan arren, hortzak estutu eta azken bi tantuak urnietarraren eta goizuetarraren alde erori ziren.

 

Txapeldunak pozik

Erran beharrik ez da pozez gainezka zeudela bi txapeldunak. Imanol Ansak apirilean debutatu zuenean, «erremontearen egoera zail zegoenean eta zail dagoenean, promozio txapelketa jokatzeko aukera eman eta txapela lortu dut, ezin gehiago eskatu. Garaipen honek lanean segitzeko gogoa ematen dit».

Aritz Zubiri goizuetarra zen txapelketako pilotaririk beteranoena, 28 urterekin, eta azken bost urteetan egindako lanaren emaitza jaso du aurten, hiru hilabetez bigarren txapela jantzita. «Oso partida gogorra izan da, bero egiten zuen, piloteo handia izan da eta berdindua joan da. Sufritzen jakin izan dugu eta garaipena izan da saria. Sufritu ondotik garaipenak gozoagoak izaten dira».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun