Giro ederrean joan zen San Juan bezperako ospakizuna Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 24a, 06:56
Mikel Rodriguez idazle eta kazetariak piztu zuen sua, berak idatzitako adierazpena irakurri ondotik.

Biziberrituz euskara goiburupean, Mikel Rodriguez idazle eta kazetariak piztu zuen sua

Bertze urteetan bezala aurten ere Lesakan Biziberrituz Euskara eguna antolatu du Euskara Batzordeak Euskara belarrietara, begietara eta ahora goiburupean, San Juan bezperarekin bat eginez. Ekimen honen helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da. Ikusi argazkiak

 

Trikitilarien laguntzaz, karrikabueltan joan ziren plazatik komentuko sorora eta han joko-gymkana izan zuten ttikienek. Gero, kalejiran berriz ere plazara itzuli ondoren, “Euskararen fruitu goxoak” familia eta lagun arteko jokoan aritzeko aukera izan zuten.  Haur, gazte edo eta helduen arteko bikotetan jolastu zuten, euskarazko hitzak bere erranahiekin lotu nahizik. Euskararen arnasguneei buruzko erakusketa ere ikusgai izan zen Herriko Etxeko arkupetan. Ekitaldi nagusian, Bertso eskolako neska-mutikoek kantatu zuten lehenik, Lesakako trikitilariek “Biziberrituz euskara” kanta eskaini zuten eta egun honetarako prestatua zuen adierazpena irakurri zuen Mikel Rodriguez Landa idazle eta idazle lesakarrak. Berriki bere lehen eleberria argitara eman du Rodriguezek, bi liburutan banatua: Aratz, begiradaren atzetik eta Aratz II, Izuaren Dorrea.

 

Adierazpena

Badire iatsun 500 urte Beñat Etxepare idazle garaztarrak Linguae Vasconum Primitiae obra idatzi zuenetik. Dakigunez, gure hizkuntzan idatzitako lehenbiziko liburua izan zen, eta Etxeparek berak ere hori erraten digu idatzi zittun poemetan. Eta bere obraren helburu argi baten berri ere ematen digu, Etxeparek aldarrikapen bat egiten baitu bertan: euskara bertze hizkuntzak bezalakoa dela defendatzen du: “Bertze jendek uste zuten, ezin eskriba zaiteien, orai dute forogatu, enganatu zirela”, idatzi zun. Eta haurrak ginenetik denok izautzen dittugun estrofa famatuak: “Euskara ialgi hadi plazara; euskara ialgi hadi mundura”. Etxeparen garaiko Euskal Herria hagitz ezberdina da gaur egungotik. Etxepareren garaian, Euskal Herriko biztanle gehienak euskaldunak ziren, euskal hiztunak, nahiz eta idazle garaztarrak azaldu bezala, euskarak presentzia eskasa zuen bizitza ofizialean. Eta Etxepareren ondoren pasatu diren bortz mende hoken gehienin euskarak bizitza ofizialetik kanpo segittu du, eta, horrek, azkenin eragina izan du euskaldunengan. Izan ere, denok dakigun bezala, gaur egun euskaldunak guttiengo gara Euskal Herriyin. Gure aitatxi-amatxiek eta gurasoek, ordea, euskararen berreskurapenaren alde lan eskerga egin zuten, eta, horri esker, badire urte mordoxka batzuk gure hizkuntzaren ezagutza handitzen ari dela. Horri esker, gaur egungo idazleek, Etxeparek ez bezala, ez dute sentitzen frogatu egin behar dutenik euskaraz ere idatzi daitekeela. Beraz, gaur egun Etxeparek aipatutako “bertze jende” hoieri aspaldi erakutsi genien euskarak bertze edozein hizkuntzaren balio bera duela. Bino, zoritxarrez, gure lehenbiziko idazlea kezkatzen zuten zenbait gauza oraindik ere kezka iturri dire euskaldunontzat. Minoria izatearen ondorioz, euskarak oraindik ere zailtasunak ditu plazara ateratzeko. Plaza gehienak, erdaldun dittugu. Bino Lesakan badugu gauza bat gure alde: Lesakak Lesaka denetik, euskara izan du hizkuntza nagusia, lesakar gehienak euskaldunak izan gara beti. Euskal Herriko zoko aunitzek ez duten abantaila bat dugu egunero euskaraz mintzatu ahal izateko. Lesakarron eguneroko bizia lesakarron hizkuntzan egitteko. Eta, beraz, eta bukatzeko, eta Etxepare hamaikagarren aldiz gogor ekarriz erranen dugu: EUSKARA, ialgi hadi Lesakako plazara. 

  

Sua piztea, dantzak, saltoak, afaria eta musika

Ondoren sua piztu zuen Mikel Rodriguez berak eta Lesakako Euskara Batzordeak piztu zituen hiru suen gainean saltoka ibili ziren gaztetxoak.

Lesakako dantzak dantzatzeko aukera ere izan zen, Sanferminak prestatzen burubelarri ari diren Ezpatadantzari taldeko neska eta mutilek lagunduta, Martxel Rodriguez kanpitainaren gidaritzapean. Beraiekin batera, Zantzamonona, Sokadantza, Jota eta Porrusalda dantzatzeko modua izan zen. Herri afaria ere egin zen plaza inguruan, norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordeak mahaiak eta aulkiak jarri zituen plazan bueltan eta batzuk etxetik eramandakoarekin, eta bertze batzuk Euskara Batzordeak bertan eskaintzen zituen edari eta bokatekin bapo afaldu zuten. Afariaren ondotik zozketa mundiala ere egin zen eta gero dantzaldia Gabenara taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun