40. urteurrena ere ospatu du Tantirumairu ikastolak ikasturte bukaerako bestan

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 22a, 07:59
40. urteurreneko tarta sukaldatu zuten ikasleek eta kandela itzali.

400 lagun baino gehiago bildu ziren frontoian egindako herri bazkarian

Aurten ikasturte bukaerako besta berezia izan dute Lesakako Tantirumairu ikastolan. Ikasleen ohiko antzezlan, kantu, dantza eta agurrekin batera, ikastolaren 40. Urteurrena ospatu dute, tartarei kandelak itzaliz eta 400 lagun bildu baino gehiago bilduz frontoian egindako herri bazkarian. Ikusi argazkiak

 

Giro ederrean joan zen ekainaren 20ko ospakizuna. Ohi bezala, bizpahiru urteko ttikienetatik hasi eta aurten seigarren maila egin ondotik ikastola utziko duten ikasleek bitarte, beraien antzerki, musika, dantza eta ospakizunak aurkeztu zituzten ikastolako patioan. Seigarren mailakoek opariak eman zizkieten orain arte irakasle izan dituztenei eta hauek ere bere oroigarritxoa eman zieten ikasleei. Horretaz gainera, 3. eta 4. mailakoen emanaldian urtebetetzeko tarta sukaldatu zuten eta 40. urteurreneko kandela itzali zuten.

Ikastolatik herrira hedatu zen gero besta, Elutxa txarangarekin kalejiran frontoiraino joan baitziren ikasle, ikasle ohi, guraso, irakasle, laguntzaile eta gainerakoak. Denera, 400 lagun baino gehiago bildu ziren frontoian egindako bazkarian. Giro ederra izan zen bazkarian eta bazkalondoan, bertso, musika eta dantzarekin.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun