Lesakako udal igerilekuetako ostatua lehiaketa bidez hartzeko aukera zabaldu du Herriko Etxeak

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 16a, 07:21
Kiroldegiko beheitiko obra esleipen honetan jasotako diruarekin eginen litzateke.

Proposamenak uztailaren 15a arte aurkez daitezke eta 40.000 euro ordaindu beharko ditu esleipena hartzen duenak

Lesakako Udal igerilekuetako ostatua lehiaketa publiko bidez hartzeko aukera zabaldu du Herriko Etxeak. Ostatu hau gaur egun gimnasioa dagoen lekuan egonen da kokatua eta 165 metro koadro baino gehiago izanen ditu, 45 metro koadroko sukalde ekipatua eta 20 metro koadroko biltegi eta terraza. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 15ean bukatuko da.

 

Esleipenaren baldintza nagusiei dagokienez, esleipena jasotzen duenak 40.000 euro + BEZa ordaindu beharko du. Hori bai, sei urtetarako esleipena izanen da, eta sei urte horietan ez du errentarik ordaindu beharrik izanen. Hala nahi izanez gero, sei urteak igarota ostatuaren esleipenarekin segitu ahal izanen du, hilabetean 550 euro ordainduta (KPIa kontuan hartuta). Ostatua hartzen duenak uzteko aukera ere izanen du, eta jarritako diruaren zati proportzionala itzuliko zaio, %15eko kenkariarekin.

Ostatua eta sukaldea egiteko lanak Udalak eginen ditu esleipen honetan jasotako diruarekin. Beraz, esleipena hutsean geldituko balitz, ez da ostatuaren obrarik eginen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun