PareKide taldea aurkeztu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 16a, 07:14
PareKide taldea ezagutzera eman zuten larunbatean Lesakan.

Parekidetasunaren gaia ikastaro eta ekintza ezberdinekin landu nahi dute

PareKide taldea aurkeztu zuten ekainaren 13an Lesakan, Inor ez da inor baino gehiago izenburupean. Plazan argazkia atera eta gero, poteo-showa egin zuten, parekidetasunaren alde ariko den talde hau ezagutzera emateko.

 

Matixa Oteiza taldekideak aipatu digunez, «aurkezpena hagitz ongi joan zen. Eguraldi txar-txarra izan genuen arren jende dexente hurbildu zen plazara.  Haur, gazte eta helduak, gizonak eta emakumeak bildu ginen eta hagitz polita izan zen”. Formatu berri batean aurkeztu zuten beraien ideia eta denak elkarrekin dantzatzen, bertsoak kantatzen, laburmetraiak ikusten eta musika kontzertua entzuten izan ziren.

Etorkizunera begira, taldearen ideia herriari gauza berriak eskaintzea da, parekidetasunaren gaia ikastaro eta ekintza ezberdinekin landuta. «Denon taldea izatea nahi dugu –diote–, denok PareKide izatea nahi dugu. Berez, orain 5 gazte hasi garen arren, gure ideia talde ireki bat izatea da. Edozein ideia eta proposamenera irekita gaude, eta poliki-poliki joanen gara egin nahi duguna zabaltzen eta ekintzak zehazten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun