Baztan-Bidasoaldeko 15 udalek eta Cedernak turismoa garatzeko hitzarmena sinatu dute

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 12a, 10:14
Bztan-Bidasoaldeko 15 udaleko ordezkariek eta Cederna-Garalur erakundeak sinatu dute hitzarmena.

Bide Berdea eta bertze egitasmoak indartu nahi ditu Baztan-Bidasoa Garapen Turistikoak

Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Baztan, Zubieta, Ituren, Eratsun, Ezkurra, Beintza-Labaien, Urroz, Donamaria, Oiz, Elgorriaga eta Bertizaranako udalek eta Cederna-Garalur erakundeak elkarlan hitzarmena sinatu zuten ekainaren 11n Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan, Baztan-Bidasoaldeko garapen turistikoa bultzatzeko.

 

Aurkezpenean aipatu zutenez, «elkarte berri bat sortzea baino egokiagoa iruditu zaigu turismo arloan ere lanean ari den erakunde batekin elkartzea».  Helburuen artean, «turismo arloan ditugun baliabideak eta esfortzuak koordinatu eta ordenatu nahi ditugu eta beharrei eta aukerei egokitutako ekintza plana garatu». Hiru lan ildo izanen dituzte, «eskualdearen promozio bateratua, gure proiektu estrategikoak edo ekimen pribatukoak martxan jartzea eta tokiko agenden koordinazioa». Bidasoko Bide Berdeaz gain, interes orokorreko bertze proiektuak ere baloratuko dituzte.

Momentuz, Urdazubi, Zugarramurdi, Doneztebe, Sunbilla, Saldias eta Etxalarko udalek ez dute bat egin hitzarmenarekin, baina bakarren batek aitzindu du udal berriak osatzerakoan sinatuko duela.

Funtzionamendu gastuak estaltzeko udalek bizilagun kopuruaren arabera (%50), alojamendu lekuen arabera (%30) eta Jarduera Ekonomikoaren Zerga (IAE) turismo arloan ordaintzen duten establezimendu kopuruaren arabera (%20) ordainduko dute. Teknikari bat ere kontratatuko dute lanaldi erdian. Deialdia irekia dago ekainaren 18ra bitarte.

 

Bide Berdea eta Eurovelo

Bertizko Partzuergo Turistikoaren lekukoa hartuz, orain Cedernak izanen du, udalekin batera, Bidasoko Bide Berdearen mantenuaren eta sustapenaren ardura. Irailerako Eurovelo 1aren behin betiko ibilbidea erabaki beharra dago. Hiru alternatiba daude, hiruak Malerrekatik baina aurrekontu arras ezberdinekin. Erabakia nahitaez hartu behar da, Europatik datorren %65eko dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Doneztebe eta Baztan arteko Bide Berdea ere egiteko dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun