Nafarroako Gobernuaren bizikidetza kanpainako lehendabiziko saria lortu du Tantirumairu ikastolak

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 11a, 07:38
Ikastolako hirugarren mailako ikasleek eta tutoreak jaso zuten saria.

'Zurekin jolasten bagara, ongi jolasten gara' lehiaketa irabazi dute

Nafarroako Gobernuak antolatutako bizikidetza hobetzeko VII. Kanpaina, “Zurekin jolasten bagara, ongi jolasten gara”, jolas kooperatiboen lehiaketa bat da. Nafarroako ikastetxe guztiek har zezaketen parte. Lehiaketaren helburua jarduera ludikoen bitartez ikasleen inklusioa eta lankidetza sustatzea da. 

 

"Uztaien jolas kooperatiboa" jokoa aurkeztu zuten Tantirumairu ikastolak eta irabazle suertatu zen, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. Mailako kategorian. Aldeak errespetatzen duen joko bat izateaz gain, irabaztea edo galtzea helburu ez duen dinamika da, hau da, lehiakortasuna saihesten duen jolasa da. Urtero Euskararen egunean, abenduaren 3an, gimnasioan egiten dute jolas hau ikastolako ikasle guztiekin. Adin desberdinetako haurrek parte hartzen dute eta primeran pasatzeaz gain, ikasleek jolasean ez dagoela ez irabazle ezta galtzailerik ere ikasten dute.

Sari banaketa Iruñeako Hegoalde ikastolan burutu zen ekainaren 9an. Bertan, ikastolako ordezkari gisa, 3. mailako ikasleak eta Joseba Lasarte euren tutorea egon ziren. Saritutako jolas bat probatzeko aukera ere izan zuten. Nafarroako Gobernuko ordezkarien eskutik diploma bat eta joku pila jaso zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun