50 lasterketetan parte hartu dute gaurgero Manttaleko korrikalariek

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 5a, 07:06
Txus Unsion izan da lasterketa gehien egin duena, bortz hilabetez 17!

10x100 erronkaren erdia bete du asteburu honetan

Maiatzeko aste hondarrean urte honetarako jarria duen erronkaren erdia bete zuen Manttalek. Hain zuzen, bere hamargarren urteurrenean 100 lasterketetan parte hartzeko asmoa du mendi lasterketa taldeak. Lehenbiziko lasterketa Juanra Pikabeak egin zuen otsai­laren 27an (Jose Gonzalez Cano Memoriala Irunen) eta 50. Txus Unsionek egin zuen, EH Mendi Erronkan parte hartuz Leitzan.

 

Hain zuzen, Unsion bera da proba gehienetan atera dena bortz hilabete hauetan (17), Andoni Lasagak 9 egin ditu, Xabi Garmendiak eta Iñaki Larrañagak zazpina eta Josema Huizik, Iban Zubietak eta Gwendal Larquék seina.  Euskal He­rrian ez ezik, Malaga, Cadiz eta Kataluniako lasterketetan ere atera dira. Oraingoz 39 korrikalarik parte hartu dute erronkan eta mendiko 36 lasterketetan eta errepideko 14tan atera dira. Nola ez, Manttaleko korrikalari gehien hartu duen lasterketa Berako Mendi Maratoi Erdia izan da, 16 gizaseme eta emakume bat atera baitziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun