1.078 langabetu zeuden eskualdean maiatz hondarrean

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 3a, 07:41

Apiril bukaeran baino 90 guttiago dira eta 2011ko uztailetik ez ziren hain gutti izan

Azken hiru hilabeteko joerari eutsiz beheiti egin du langabeziak eskualdean maiatzean ere, nabarmen gainera. Zehazki, 90 langabetu guttiago daude, 1.078 denera. Nafarroa osoan, banaz bertze %3,65 egin du beheiti langabeziak, baina Doneztebeko bulegoak du Nafarroa osoko jautsiera nabarmenena, %7,71 jautsi baita langabezia maiatzean. 2011ko uztailetik beti langabetu gehiago izan dira (orduan 1.071 ziren Doneztebeko bulegoan izena emandako langabetuak).

Maiatzean 614 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 46 bakarrik mugagabeak.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 465 lagun daude langabezian, apirilean baino 56 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere martxoan baino 24 langabetu guttiago daude, 516. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, aldiz, 58 lagunek segitzen dute langabezian apirilean bezalaxe, eta adin tarte horretako emakumeen artean, berriz, apirilean baino 10 langabetu guttiago daude, 39 denera.

Zerbitzuen arloak izan du langabetuen jautsierarik nabarmenena 815 langabetuetatik 734ra pasatuz (-81). Industrian ere apirilean baino 4 langabetu guttiago daude, 139 denera. Eraikuntzan ere apirilean baino 10 langabetu guttiago daude, 133. Nekazaritzan, aldiz, apirilean baino langabetu bat gehiago dago, 27 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere 75 lagun daude langabezian, apirilean baino 4 gehiago.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun