Berako bestetako azal lehiaketarako eta Berako Oihua aldizkarirako lanak aurkez daitezke

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 1a, 08:43
Berako besta giroa isladatu beharko du programako azalak.

Bietan uztailaren 3ra bitarteko epea izanen da

Urteroko moduan, Berako besten programarekin batera, Berako Oihua aldizkaria banatuko da etxeetan. Bertan artikuluak idaztera animatu dute Berako Kultur Batzordetik. Hauek aurkezteko epea uztailaren 3ra bitarte izanen da. Epe berean, bestetako egitarauaren azalerako lehiaketako lanak ere aurkez daitezke.

 

Berako Oihua aldizkarirako lanei dagokienez, nahi den gai eta luzerakoak izaten ahal dira, eta irudi edo argazkiz lagunduak joaten ahal dira. Lanak, posta elektronikoz kultura@berakoudala.net helbidera bidaltzen ahal dira edo, bertzenaz, zuzenean Berako Kultur etxera eraman. Kultur Batzordeak aunitz eskertuko luke, ahal izanez gero, lanak formatu digitalean ekarriko balira.

Berako Kultur Etxea/Berako Oihua
Eztegara pasealekua, 11
31.780 BERA (Nafarroa)
e-posta: kultura@berakoudala.net

Leku arazoengatik aurkeztutako testu guztiak sartzea ezinezkoa baldin bada, euskaraz idatzitakoek izanen dute lehentasuna. Testuak euskaraz idaztera animatzen du Berako Udalak. Berako Udalak testuak itzuli ahal izanen ditu, euskaraz argitaratuak izateko.

Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria (azken hau ez da testuan agertuko) bidali beharko dira nahitaez. Hauekin batera goitizenak paratu ahalko dira baina betiere  izen-deiturak paratuz gero. Elkarte edota erakunde baten izenean idazten denean hauen izena paratuko da baina beti erakunde horren izenean norbaitek sinatu beharko du.

Gehienez ere bi orrialdeko lanak entregatzen ahal dira.

Berako Oihua aldizkarian jorratzen ahal diren gaiak Berako herriarekin erlazionatuak izan behar dute, bere historiarekin, antzinako herriko bestekin, Berako kultur edo kirol eragileak (kultur taldeak, kirol ekitaldiak, ikastetxeak, etab.), herriko ekimenak eta mugimendua, ospakizunak eta urteurrenak, xokoak, ohiturak, data edota aipamen bereziak, herriko pertsonaia ezagunak, oroimenak eta eskerrak…

Ez da onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo irain dezakeen testurik, eta Berako Udalak-Berako Kultur Batzordeak testu horiek baztertzeko eskumen osoa du.

Berako Udalak-Berako Kultur Batzordeak ez du zertan bat etorri behar Berako Oihuan argitaratutako iritziekin.

 

Bestetako egitarauaren azalerako lehiaketa

Egitarauaren azalerako lehiaketaren deialdia ere egin du Berako Udalak. Hemen ere, lanak aurkezteko epea uztailaren 3an bukatuko da, gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz. Sari bakarra izanen da, 400 eurokoa, baina hutsik ere utzi dezake epaimahaiak. Azalean Berako Bestak 2015 testua agertu beharko da nahitaez eta ez du bertzelako testurik eramanen.Argazkia edo kartela kolorezkoa izanen da, ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztuko da, eta bertikala izanen da, 18 x 27 zentimetrokoa. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta modu egokian paketatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun