Euskal Herriko III. Mendi Erronka lasterketa maiatzaren 30ean eginen dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 28a, 07:57
Leitzatik abiatuta 65 kilometroko mendi ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.

650 korrikalarik eman dute izena, 65 kilometro luze eta 7.000 metroko desnibela izanen duen probarako

650 lasterkari inguruk eman dute izena maiatzaren 30ean Leitza inguruetan eginen den Euskal Herriko Mendi Erronkaren hirugarren edizioan.  Bezperan hasiko dira girotzen zinean  19:30ean antolatu duten ekimenarekin. Maddi Arrazola izanen da bertan hizlari eta Tor de Geants  lasterketaren inguruko azalpenak eman eta bideo bat ere izanen da ikusgai. 

 

Maiatzaren 30ean, larunbat goizeko 8etan Leitzako plazan hasi eta bertan bukatuko da erronka. 65 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek, 6 kontrol gune igaro beharko dituzte eta tartean 8 anoa-postu izanen dituzte indarrak hartzeko. 7.000 metroko desnibel osoa du probak (Irumugarrieta 1.431 metrorekin da punturik altuena eta Arribe baxuena 222 metrorekin). Sailkatzeko 13 orduz azpitik osatu beharko dute ibilbidea. Leitzako herrian bertan ere giro bikaina izanen da, tartean haurrentzat jokoak ere bai. 14:00ak aldera espero dituzte lehen korrikalariak eta sari banaketa 20:00ak inguruan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun