Azpilkuetan hasi eta akituko da Baztango XXII. Mendi Itzulia maiatzaren 31n

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 26a, 07:47
31 kilometroko ibilbidea proposatu dute Baztango Mendigoizaleek iganderako.

31 kilometro luze eta 2.111 metroko desnibela du Baztango Mendigoizaleek prestatutako ibilbideak

Azpilkuetan hasi eta akituko da Baztango XXII. Mendi Itzulia. Maia­tzaren 31n egin dute hitzordua eta mendizaleek 2.111 metroko desnibela duen 31 kilome­troko ibilbidea egiteko aukera izanen dute. Oinez Gailurra ekimenarekin bat egin dute aurtengoan Baztango Mendigoizaleek.

Azpilkuetatik (367 metro), Abra (712 m) eta Aizkozko lepora (730) igoko dira mendizaleak. Indarteko Bordara jautsita (251 m), bertan izanen dute lehen hornidura-gunea, 9. kilometroan. Basakaitz (380 m), Urtsumiats (541 m, 2. hornidura-gunea) eta Zamataleku (622 m) igo eta gero, Infernuko errotara jautsiko dira (352 m.). Hortik berriz ere goiti, Domikura (555 m, 3. hornidura-gunea) eta Urruspilera (786 m, ibilbidearen punturik altuena); Urruspiletik beheiti Azpilkuetara jautsiko dira, Bagordin barna (581 m).

Aitzinetik izena eman nahi duenak maiatzaren 29a arte izanen du aukera www.baztangomendigoizaleak.org webgunean. Egunean berean ere apuntatzeko aukera izanen da. Ibilbidea 07:00etatik 07:30era abiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun