Guillermo Etxenike iruritarrak irabazi du Berroetako apustua

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 25a, 15:09
Guillermo Etxenikek nagusitasunez irabazi zuen apustua Berroetan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ordu laurden baino gehiago atera zion Esnaola gipuzkoarrari

Ikusmin handia piztua zuen Berroetako bestetan Legorretako Igor Esnaolak eta Iruritako Guillermo Etxenikek egindako apustuak. 14:00etan Zigako kaskotik Saioara abiatu ziren 50 kiloko zakuarekin. Karga utzi eta Berroetako plazara jautsi eta han 100 kiloko zilindro zaharra 10 aldiz goratu eta aizkorarekin 4 kanaerdiko moztu zituzten. Baztandarra nagusitu zen, 15 minutu baino gehiagoko aldearekin.

Denera, Guillermo Etxenike iruritarrak 4 ordu, 24 minutu eta 21 segundo behar izan zituen lana akitzeko. Esnaolak, 4 ordu, 39 minutu eta 54 segundo. Zigatik abiatzerakoan erritmo polita jarri zuen Etxenikek. Saioara igotzeko 2 ordu, 49 minutu eta 25 segundo behar izan zituen eta Esnaolak 3 ordu eta segundo bat (10 minutu eta 36 segundoko aldea kaxkoan). Berroetarako beheitirako bidean ere oraindik alde handiagoa atera zuen Iruritakoak (48 minutu eskas behar izan zituen jausteko) eta Legorretakoak 55 minutu eta 59 segundo. Pantaila erraldoian proba ikusteko aukera izan zuten 800 lagunekin gainezka zegoen Berroetako plazara txalo zaparrada batean sartu zen Etxenike, bere abantailaz jakitun eta aldeari lasaitasunez eutsi zion harri jasotzen eta aizkoran ere.

Hasiera batean aurreikusia zegoen denbora ordu eta erdiz hobetu zuen eta gipuzkoarra ere ez zen makal ibili. Nafarroako Herri Kirol Federazioko epaileek kontrolatu zuten lana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun