Hauteskundeak 2015

Baztan-Bidasoaldeko herri guztiak bilduko dituen Mahai Instituzional iraunkorra sortu nahi du EHBilduk

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 20a, 08:19
Baztan-Bidasoaldeko EHBilduko alkategaiek Donezteben egin zuten agerraldia.

Eskualdeko alkategaiek Donezteben egindako agerraldian, ahalik eta lasterren %60ko birziklapen tasara heltzeko helburua ere azaldu zuten.

Baztan Bidasoaldeko EH Bilduko alkategaiek agerraldia egin zuten maiatzaren 19an Donezteben. Eskualdeko lehenbiziko indar politiko gisa egunera Baztan-Bidasoa euskaldunago, parekideago eta aurrerakoiago bat eraikitzeko lanean segituko dutela adierazi zuten eta datozen lau urteei begira, Baztan-Bidasoako herri guziak bilduko dituen Mahai Instituzional iraunkor baten sorrera bultzatuko dutela jakinazari zuten. 

 

Mahai hau, zonaldeak Nafarroako Gobernuarekin izan beharreko interlokuzio eta harremanetarako tresna izanen da.  Modu berean, “mahai honek, zonaldearen garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari begirako gogoeta bat abiatuko du, beti ere modu parte-hartzaile batean, herritarren eta eragile ezberdinen eskutik”, jakinarazi zuten.

Doneztebeko agerraldian, Josu Irazoki (Berako alkategaia), Maider Arrieta (Lesaka), Joseba Otondo (Baztan), Xanti Uterga (Doneztebe) eta Xabier Bizente (Etxalar) izan ziren, baita zerrenda bakarra izatean, segurutik alkate izanen diren Juan Miguel Almandoz (Arantza), Amets Inda (Sunbila) eta Mari Jose Bereau (Ituren).

Ingurugiroarekin konpromezu handia dutela ere jakinarazi zuten EHBilduko hautetsiek: “Gure helburua, ahalik eta laisterren %60ko birziklapen tasara heltzea da. Helburu hori lortzeko, Prozesu parte-hartzaile bat irekiko dugu, herritarrek erabakiko dute zein bilketa-sistema den egokiena tasa hori lortzeko”.

Eskualdeko zenbait herritan egin duten bezala, “aubirautza energetikoa lortze bidean”, “Biomasa Planaren aldeko apustua ere eginen dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun