Funverako hitzarmen kolektiborako lortutako akordioa hagitz ontzat jo du ELAk

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 15a, 13:31
Funverako langileak 2010ean egindako batzarre batean. Akordio berriarekin, urte hartan kaleratu zituzten 47 langileen erdiak enpresara bueltatuko direla dio ELAk.

Duela bortz urte kaleratutako 47 langileen erdiak lantegira bueltatuko direla dio sindikatuak

Berako Funvera enpresako langileek biltzarrean erabaki dute onestea Enpresa Batzordearen eta Zuzendaritzaren artean lorturiko akordioa, hitzarmen kolektiboa berritzekoa. Akordioa hagitz ontzat jo du ELAk, 9 ordezkarietatik 7 dituen sindikatuak. 

 

Akordioak bi urteko indarraldia izanen du (2015 eta 2016) eta artikulu berri batek mutualitateen kudeaketa mugatzen du. Horren arabera, gaixotasunen (lanbidearena eta lanbidearena ez dena) bajen kudeaketa eta kontrola sistema publikoaren baitan geratuko dira. Urteko lanaldia 1.695 ordukoa izanen da eta soldata igoera, 2015ean %1ekoa eta 2016an %1,5ekoa izanen da. Hitzarmenaren indarraldian behin-behineko kontratua duten 10 langileri kontratu finkoa eginen diete, haietako seiri txanda-kontratuen bidez. Gainera, hainbat hobekuntza egin dira hitzarmenaren atal desberdinetan.

ELAtik zorionak eman dizkiete Funveran lan egiten duten guztiei, egindako ahaleginagatik. Egin berri diren hauteskundeetan ondotik, ELAk sindikatu nagusia izaten segitzen du, 7 ordezkari lortu baititu eta LABek 2. Akordio berriarekin enplegu duina eta kalitatezkoa lortu dela uste du ELAk: «Enpresa-eredu horrek etenaldi bat izan zuen krisiaren erdialdean, 47 langile kaleratu zituztenean. Lankide haiek itzultzea lehentasunezkoa izan da beti ELArentzat. Hitzarmen honen bidez lankide haien erdiak itzuliko dira berriro Funverara».

Soldata-igoerak eta lan-baldintzak blindatzea ere begi onez ikusten du ELAk, «horrela urtez urte lortzen ditugun mailei eutsi ahal izanen diegu, lan-erreformaren aplikazioa de facto eragotziz».

Bertzalde, mugak jarri zaizkie mutualitateei gaixotasun arruntaren bajak kudeatzeko eta ELAren erranetan, «horrela gure osasuna lehenetsiko da enpresaren irabazi hutsen aitzinetik».

Bortzirietan kalitatezko enpegua eta lan-baldintza duinak finkatzen duen akordioa da ELAren ustez, «eta hori erabat lehentasunezkoa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun