Bidasoko Lehenbizikoa Juan Jose Sanchez bizkaitarrak arrantzatu du maiatzaren 1ean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 4a, 08:51
Lehenbizikoa arrantzatu duen Juan Jose Sanchez, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko ordezkariekin.

4 kilo eta erdi eta 75 zentimetroko izokin basatia zen, markarik gabekoa

Maiatzaren 1ean ireki zen arrantza denboraldia eta aurten egun berean atera dute Bidasoko Lehenbizikoa. Bizkaiako Berriz herritik etorritako Juan José Sanchezek arrantzatu zuen. Bere bizitzan arrantzatu duen lehen izokina ere izan zen Lehenbizikoa.

Izokinak ez zuen markarik, beraz basatia zen eta hori errekaren egoera onaren erakusgarri dela diote adituek. 4 kilo eta erdiko pisua eta 75 centimetro luze zituen. Maiatzaren 1ean, ortziral arratsaldean atera zuen Sanchezek Endarlatsa inguruan, Los 50 bezala ezaguna den putzuan.

Juan Jose Sanchezentzat sekula arrantzatu duen lehen izokina izan da. Aspalditik amoarrain arrantzan ibiltzen bada ere, duela sei urte arte ez zuen izokinarena probatu. “Ikusminez hasi nintzen, baina egia da Bidasora etortzen naizen sei urtetan ez nuela alerik ere arrantzatu, orain arte”. Beraz, izugarrizko poza eta ustekabea izan da beretzat denboraldiko lehenbizikoa ateratzea.

Aurten, Igeldoko Rekondo jatetxeko Txomin Rekondok 1.800 euro ordaindu dizkio Lehenbizikoarengatik, Bidasoan saltzen ahal den izokin bakarrarengatik. Beharrezko neurriak eta datuak hartu ondotik, Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen izenean Lorenzo Jaurena presidenteak eta zuzendaritza batzodeko Prudencio Quirogak Lehenbizikoa arrantzatzeagatik oroigarria eman zioten Bizkaiko arrantzaleari, baita, arrantzarako txalekoa eta zapela ere.

Behin Bidasoko izokin denboraldia irekita, 83. alea ateratzerakoan edo uztailaren 31n itxiko da sasoia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun