Txino auzoko festak asteburu honetan ospatuko dituzte Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 30a, 07:45
Iaz bezala, Julio Sotok eta Xabier Legarretak Zubiondok eskainiko duten saioarekin abiatuko dira festak.

Xabier Legarreta eta Julio Sotoren bertso saioarekin hasiko dira ostiralean eta larunbat goizean herri krosa ere izanen da

Ohiturari segituz, maiatzeko lehenbiziko asteburuan Goizuetan zubiz bestaldera dagoen Txino auzoko festak izango dituzte, Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak, Zubiondok, Udalak eta Umore Onak antolatuta. Ostiralean, maiatzaren 1ean, Julio Soto eta Xabier Legarreta bertsolariek emango diete hasiera festei 20:30ean, Zubiondo tabernako bertso saioarekin. Gauean 22:30ean Mus txapelketa jokatuko da taberna berean. Bikote txapeldunak arkumea eramango du etxera eta azpitxapeldunak txuleta eta txakolina. 

Herri krosa eta beste

Larunbatean, maiatzak 2, Umore Ona elkarteak, Gazte Asanblada, Eskola, Guraso Elkartea eta Udalaren laguntzaz antolatutako Herri Krosa eginen da 11:00etan, 9 kilometroko ibilbidearekin. Ordubete lehenagotik dortsalak hartzeko aukera izanen da. www.herrikrossa.com webgunean eman daiteke izena. Herrikoei 8 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko eta kanpokoek aurrez 10 euro eta bertan 15 euro. Zubimuxu aterpeak ere eskaintza berezia dauka eta bezperatik datozenek afaria, gauerako aterpea, gosaria eta krosean parte hartzeko aukera izanen dute 40 euroren truke. 12:00etan festei hasiera ofiziala emateko txupinazoa botako da trikitilariek alaituta eta ondoren dragoia aterako da giroa alaitzera. 12:30ean kroseko sari banaketa eginen da. 14:30ean herri bazkaria izango da Goiko Frontoian. Bazkaltzera joan nahi dutenek txartelak salgai dituzte Amaia kafetegian.

Arratsaldeko 5:30ean Shamaliats Bellydance sabel dantza ikusteko aukera izanen da  eta ondoren Gorka eta Olatz trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz. Gauerditik aurrera kontzertuak izango dira Skarmentu eta Sota de Birras taldeekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun