Amaiurko Dorrekobordako lanak baimentzeko Gobernuaren oniritziaren esperoan dago Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 30a, 07:37
Gan den urtean sute batek kixkali zuen Dorrekoborda.

Gan den urtean erre zen baserriko lanei lehentasuna eman arren egoera horretan daudela jakinarazi du Bilduk

Amaiurrren gan den urtean erre zen Dorrekoborda baserriko bizilagunek oraindik etxera bueltatu ezinean daudela eta Baztango Bilduk jakinarazi duenez, «baserria erre ondoan Udal gobernuko ordezkariak familiarekin bildu ziren eta laguntza eskaini zitzaien bai etxea konpondu bitartean etxebizitza bat alokatzeko baita etxearen teilatuarendako egurra emateko ere. Aseguruaren bitartez egiteko aukera zutenez ez zuten beharrezkoa ikusi».

Hain zuzen, 2014ko urriaren 28an etxea berritzeko proiektua udaletxean sartu zen. Proiektua arauei jarraiki Udaletik 2014ko azaroaren 3an Nafarroako Gobernurat bideratu zen. Geroztik, 2014ko azaroaren 21ean Nafarroako Gobernutik promotoreari errekerimendu bat egin zitzaion eta errekerimendu horri promotoreak urtarrilaren 23an erantzun zion. Urtarrilaren 26an Nafarroako Gobernura erantzuna bideratu zen. 2015eko otsailaren 18an bertze errekerimendu bat ailegatu zen Nafarroako Gobernutik eta promotoreak 2015eko martxoaren 30ean erantzun zion errekerimendu honi. Udalak 2015eko apirilaren 9an bidali zuen Nafarroako Gobernura eta geroztik honen erantzunaren zain gaude Nafarroako Gobernuaren oniritziarik gabe ez baita lizentzia ematen ahal.

Nolanahi ere, lanak aitzinatzeko aldamioak paratzeko eta paretak botatzeko baimen berezia eman du Balleko Etxeak. Otsailaren 3an eskatu zen baimena eta otsailaren 12an onartu zen ematea. Udalak baimen hau bai eman dezake, bertsea berriz, Nafarroako Gobernuak baiezkoa eman artio ez du ematen ahal. Beraz, Bilduk dioenez, «etxea berritzeko espedienteari lehentasun osoa eman dio baina bere eskuan ez dauden arrazoiengatik egoera hau da».

Egunkari batean aipatutako lehorrari dagokionez, baso-lurzoru komunalean baimenik gabe egin zela aipatu du Bilduk: «Erretako etxearen ondoan egindako lehorra zen eta zehapen espedientea abiaturik zegoen baserria erre aitzinetik. Araudiak dio arau-hauste larriagatik lehorra bota eta ingurua lehengoratu behar zela, ez zelako legeztagarria».

Hori horrela, jabeek izandako ezbehar batengatik lehorra botatzea gibeleratzeko eskatu eta bi aldiz luzatu da, guztira urte beteko luzapena emanez. Berriz ere luzamendua eskatzeko aukera bazuten ere, epez kanpo eskatu eta, horrek, aukera hori gabe utzi zituen. Udaleko idazkariaren txostenak baldintza horietan luzapena ematea ezinezkoa egiten du. Dena den, etxea konpondu bitartean Udalak gauzak uzteko bertze toki bat eskaini zion familiari.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun