Beti Gaztek irabazi du lehen txapela Nafarroako lauko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 28a, 11:31
320 kiloko gizasemeen podiumean, Beti Gazte, Berriiozar eta Amaiur C. Argazkia: Xagu-Lesak

320 kiloko finalean nagusitu zitzaion Berriozarri larunbatean Larraintzarren

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen apirilaren 25ean, larunbatean Larraintzarren. Gizonezkoen 320 kiloko txapela eta emakumezkoen 255 kilokoa bertan erabaki ziren eta Lesakako Beti Gaztek eta Berriozarrek eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

Gizonezkoen 320 kiloko bigarren jardunaldiko ligaxkan ustekabean Amaiur Ck irabazi zituen tiraldi guztiak, 7 puntu eskuratuz (lehen jardunaldian bosgarren izan zen). Berriozar bigarren izan zen, Beti Gazte hirugarren, Txantrea laugarren, Amaiur A bosgarren, Amaiur B seigarren eta Kaskallueta zazpigarren. Honela bi jardunaldien puntuen batura egin ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finala jokatu zen. Berriozarrek 13 puntu eta Beti Gaztek 11 puntu zituztenez, beraiek jokatu zuten finala. Amaiur C hirugarren gelditu zen, 10 punturekin, nahiz bigarren jardunaldiko tiraldi guztiak irabazi. Beti Gazte eta Berriozarren arteko norgehiagokan lesakarrak nagusitu ziren.

Emakumezkoetan, Berriozar nagusitu zitzaion Txantreari. Hirugarren Kaskallueta izan zen. Kadeteen 280 kiloko kategoriako bigarren jardunaldian, Ultzama A nagusitu zen, Andra Mari, Berriozar A, Berriozar B, Araxes, Iñigo Aritza eta Ultzama Bren aitzinetik.

 

Orain pisu arinagoan

Behin lehen txapelak erabakita, orain gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko kategorietako txapelak jarriko dira jokuan. Gizonezkoetan Amaiurrek bi laukote aurkeztuko ditu eta gainerako taldeak berdinak izanen dira, emakumezkoetan bezalaxe. Lehen jardunaldia maiatzaren 9an jokatuko dute Lekunberrin eta bigarren jardunaldia maiatzaren 16an Etxarri Aranatzen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun