Elizondoko bestetarako kartel lehiaketarako lanak aurkezten ahal dira dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 28a, 08:16
Santio bestak iragarriko dituen kartelaren bila hasia da Elizondoko herria.

Maiatzaren 31 arte zabalik dago epea eta irabazleak 300 euroko saria jasoko du

Elizondoko herriak Santiago bestak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du berriz ere. Lehiaketa irekia da eta partehartzaileek nahi adina lan aurkez ditzakete. Lehiakideek beren sobreak Elizondoko Herriko Etxera igorri beharko dituzte maiatzaren 31 baino lehen. 

Kartel guziek “Santioak 2015, Elizondoko bestak uztailaren 24tik 28ra” testua agertu beharko dute. Kartelaren neurria 50 x 70 zm.koa izanen da, edozein teknika zein kolore erabili daitekeelarik. Lanak saritu eta publikatu gabeak izan beharko dira. Lanak euskarri digitalean (CD batean) aurkeztu behar dira, Tiff edo PDF formatuan, 300 ppp erresoluzioan edo bektoriala, AI, FH edo EPS, CMYK kolorean eta honekin batera, A3an inprimaturiko orri bat ere aurkeztu beharko da erakusgarri gisa.

Kartelgileak lema bat jarri beharko du CDan eta sobre itxi baten azalean, CDan agertzen den lema bera idatzi beharko da, eta sobre honen barrenean, egilearen datuak egon beharko dira (telefonoa, izen-deiturak…). CDa eta sobre itxia sobre haundi batean sartu beharko dira.

Epaimahaia Elizondoko 2015eko Besta Batzordeko kideek osatuko dute. Erabakia ekainaren 9tik aitzinera jakinaraziko dute. Irabazleak 300 euro eta zikirorako bi txartel jasoko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun