Patxi Zeberiok eta Joxe Etxeberria doneztebarrak irabazi dute Iruñeko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 27a, 12:59
Zeberio II eta Etxeberria II txapeldun eta Uterga eta Endika azpitxapeldun, joan den ortziralean Iruñean.

Ortziralean Labriten jokatutako finalean 40-31 irabazi zieten Uterga eta Endikari

Zeberio II eta Joxe Etxeberria doneztebarrak irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko bigarren erremonte txapelketa, ortziralean Labriten jokatutako finalean Xanti Uterga doneztebarrari eta Endika Urrutia saldiastarrari 40-31 irabazi ondotik.

Beraz, beteranoek gain hartu zioten gazteenei, defentsa sendoarekin eta joku serioarekin. Beharbada urdinek egin zituzten jokaldi ikusgarrienak, baina hutsegite sobera ere bai. Itxuraz, gazteek nekeari hobe eutsi behar zioten akabailan, baina alderantziz gertatu da, bai Zeberiok baita Etxeberriak ere, bigarren gaztaroan bizi direla erakutsi baitzuten. Zeberiok biharamonean Sagardoaren txapelketa ere irabazi zuela kontuan hartuz, asteburu berean bi txapel jantzi ditu.

Nafarroan minbizia duten haurrekin lan egiten duen ADANO elkartearen alde egindako jaialdian jende aunitz bildu zen eta jaialdi ireki zuen esku pilotako partidan, Arbizu eta Lintzoainek 22 eta 18 irabazi zieten Elizalde eta Sarasari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun