183 korrikalarik parte hartu zuten Leitzako herri krosean

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 27a, 10:52
Hicham Oularra, Aimar Boziane eta Ander Sagarzazu, gizonezkoen podiuma.

Gizonezkoetan Aimar Boziane gasteiztarra nagusitu zen eta emakumezkoetan  Lurdes Oiartzabal lezotarra

183 korrikalarik parte hartu zuten apirilaren 25an Aurrera elkarteak antolatutako Leitzako Herri Krosaren 37. edizioan. Aimar Boziane gasteiztarra izan zen irabazlea gizonezkoetan, hamar kilometroko ibilbidea 31 minutu eta 13 segundoan egin ondotik. Emakumezkoetan, Lezoko Lurdes Oiartzabal nagusitu zen, 5 kilometroak 18 minutu eta 52 segundotan eginez. Ikusi Pablo Feoren argazkiak eta bideoa

Aipatzekoa da emakumeen partehartzea Leitzako krosean, 183 korrikalarietatik 75 emakumezkoak izan baitziren. Senior kategoriakoez gain, hainbat ume eta gaztetxo atera ziren lasterketan.

Gizonezkoen lasterketan, hasieratik egin zen bortz korrikalariko taldetxoa, hirugarren itzulira arte. Hor atzean gelditu zen zenbait urtez Leitzan garaile izan den Beste Iruñako Antonio Etxeberria. Azkenean bosgarren izan zen, eta beteranoen artean lehenbizikoa. Helmugarako kilometroa falta zenean, estutu egin zuen Aimar Boziane gasteiztarrak eta 2 segundoko aldea atera zion helmugan Hicham Oularra santurtziararri (31:15) eta 5 segundokoa Ander Sagarzazu donostiarrari (31:18). Amine Somida bilbotarra laugarren izan zen (31:30) eta aipatu bexala, Antonio Etxeberria bosgarren (32:11).

Emakumezkoetan, lehen itzulian elkarrekin joan ziren Lurdes Oiartzabal eta Lourdes Colomo beteranak, baina bigarrenean alde egin zuen 41 urteko lezotarrak eta 25 segundoko aldea atera zion bigarren izan zen Colomori. Maialen Muñozek osatu zuen podiuma, Oiartzabaletik minutu eta 2 segundora (19:54).

Ikusi sailkapenak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun