Dispertsioaren kontrako mus txapelketa jokatu dute Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 27a, 08:48
Musean arituz agertu dira dispertsioaren kontra Baztanen apirilean.

Maiatzeko hitzordua Elizondon izanen da

Dispertsioaren kontrako hitzorduek aitzina jarraitzen dute "Baztango herriek ere dispertsioari ez!" kanpainaren baitan. Apirileko hitzordua Arizkunen izan da, apirilaren 24an, ortziralea eta, Arizkungo gazteekin elkarlanean, dispertsioaren kontrako mus tximista antolatu zen.  Bi finalistak Erratzuko bikoteak izan ziren

Bikoteak puntual agertu ziren Arizkungo elkartera izena ematera, bildotsa eta patxaran botilak esperoan zituztela. Jokoan hasi baino lehen "Baztango herriek ere dispertsioari ez!" kanpaina eta "Dispertsioaren liburuxka" aurkeztu ziren eta liburuxka eskuratzeko aukera egon zen. Hamaika bikotek eman zuten izena eta, bai bildotsa bai eta patxaran botilak ere, Erratzuko bi bikotek eraman zituzten. «Zorionak irabazleei! Ea denon artean dispertsioaren hordagoa irabazten dugun!» diote antolatzaileek.

Urtarrilean, Erratzun, Gari Garaialde argazkilariak "Zu ikusteko bidean" izeneko lana aurkeztu zuen, ondoren Baztango preso politikoen familiarrek beren bizipenak kontatu zizkiguten eta elkarretaratze bat egin zen.

Otsailean, Arraiozen, Etxarri-Aranatzeko Sarek egindako "Urruti vs gertu" dokumentala eman zen eta Iñaki Errok eta Xotero Etxandik espetxeari buruzko solasaldia eman zuten.

Martxoko hitzordua Anizen izan zen eta, Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera kezkagarria dela eta, espetxearen ondorioak jorratu ziren solasaldi formatuan. Batetik "Iparra galdu barik" plataformako kide bat etorri zen eta bertzetik "Jaiki hadi" taldeko Mikel Urra medikua. 

Hurrengo hitzordua maiatzan izanen da, Elizondon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun