Sagardoaren txapelketako finalerako pilotak aukeratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 24a, 14:01
Uterga, Olazar, Zeberio II eta Endika, finalerako aukeratutako pilotekin.

Zeberio II eta Endika saldiastarra, Uterga eta Olazar doneztebarren kontra ariko dira larunbatean Galarretan

Erremonteko Sagardoaren txapelketako bosgarren edizio finala larunbatean jokatuko dute Hernaniko Galarretan Zeberio II eta Endika Urrutia saldistarrak, Xanti Uterga eta Patxi Olazar doneztebarren kontra, arratsaldeko 4etan hasiko den jaialdiaren bigarren partidan. Doneztebeko atzelariak badaki zer den txapel hau irabaztea baina gainerakoek ez.

Ortzegunean aukeratu zituzten finalerako pilotak. Utergak eta Olazarrek pilota bereziak hautatu zituzten. Zeberio II eta Endikak pilota fuerteagoak aukeratu zituzten, Olazar bilatzeko eta Utergak tantoa akitzeko aukera guttiago izan ditzan.

Zeberio II eta Endika izanen dira faborito, txapelketako lehen partida galdu ondotik, gainerako guztiak irabazi baitituzte. Utergak eta Olazarrek txapelketa gorabeheratsuagoa egin dute, partido onak eta kaxkarxeagoak tartekatuz.

Aipatzekoa da Galarretara hurbiltzen diren erremontezale guztiek frontoiko ostatuan pintxo potea doan izanen dutela, baina noski, poteak sagardoa izan beharko du.

 

Apirilaren 25eko partidak Galarretan, 16:00etatik aitzinera

1. Goikoetxea V-Zaldua;  Ansa II-Martirenaren kontra, 35 tantura

2. Zeberio II-Endika; Uterga-Olazarren kontra, 40 tantura SAGARDOAREN TXAPELKETAKO FINALA

3. Etxeberria IV-Agirrezabala;  Ezkurra II-Barrenetxea IV.aren kontra, 40 tantura

4. Segurola-Aizpuru III; Otaegi-Larrañagaren kontra, 30 tantura

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun