Kultur eta kirol elkarteei 2015erako diru-laguntzak esleitu dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 24a, 11:43
Arte eta Artisautza Azoka antolatuko du bigarren urtez Bihotzkada kolektiboak.

45.032,30 euroko subentzioak banatuko ditu Udalak

Lesakako kirol eta kultura elkarteek 2015. urterako aurkeztu dituzten programak ikusita, 45.032,30 euroko dirulaguntzak ematea ebatzi du herriko Etxeak.

Musika arloan, 15.319,82 euroko dirulaguntzak banatuko ditu: Lesakako Abesbatzak 2.759,50 euro, Giltzarri Abesbatzak 3.915,12 euro, Santa Zezilia Batzordeak 1.706,10 euro, Soinulari Taldeak 731,10 euro, Trikitixa taldeak 906 euro, txistulari taldeak 1.302 euro eta Lesakako Musika Bandak 4.000 euro.

Kultura arloari dagokionez, 17.556,10 euro banatuko ditu. Zatirik handiena, 75. Urteurreneko ospakizunetan ari den Beti Gazte elkarteak jasoko du (5.049 euro), Bortzirietako Bertso Eskolak 1.293,50 euro, Irain Guraso Elkarteak 1.924 euro, maiatzaren 23an Bidasoaldeko II. Arte-Artisautza Azoka antolatuko duen Bihotzkada Kolektiboak 1.887,60 euro, Mairu Antzerki Taldeak 1.320 euro, Otxogorriena Guraso Elkarteak 1.396 euro, Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak 3.102 euro eta Tantirumairu Ikastolak 1.584 euro. Arrano Elkarteak ere dirulaguntza jasoko du zako zaharrak eta Sanferminetako bertso saioa antolatzeagatik, baina Iñauterietako eta bestetako diru-ataletatik hartuko ditu.

Kirol arloan, azkenik, 12.156,38 euroko dirulaguntza banatuko du Lesakako Udalak. Beti Gazte elkarteak 8.184 euro jasoko ditu, Arkupe Pilotazaleen Elkarteak 2.640 euro, Batzoki Elkarteak 820,38 euro eta Bortziriak Pilota Elkarteak 512 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun