Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu da

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 24a, 08:52

Mankomunitateko kide diren udalerriekin elkarlanean egin du UEMAk

UEMAk, Mankomunitateko kide diren Nafarroako udalekin elkarlanean, aurten ere errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina jarri du abian, iaz baino datu hobeak lortzeko asmoarekin.

2014 urteari dagokion errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpainan, zergadunek bi bide dituzte euskaraz egiteko. Horretarako, lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukeratu beharko dute. Alde batetik, finantza erakundeetara joan eta bertan egiten dutenek errenta euskaraz egiteko eska dezakete zuzenean. Bertze aldetik, etxera egina iristen den kasuetan, aurten ez dute deus egitekorik, baina hurrengo urteei begira bai eta behin euskaraz eskatuta gainera hurrengo aldietan euskaraz iritsiko da. Eskaera Nafarroako Goasun sailean egin behar da, 948 505152 telefonora deituta edo webgunearen bidez. http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/3349/Aitorpenaren-proposamena-zein-hizkuntzatan-egin helbidean sartuz.

 

Azken batean, kanpainaren bitartez, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatu nahi da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrok eredu eta aitzindariak izan gaitezke horretan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun