Oier Ariznabarretak eta Laura Solak garaipena errepikatu dute Berako XI. Mendi Maratoi Erdian

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko api. 20a, 08:26
Didier Zago, Oier Ariznabarreta eta Beñat Marmisolle, gizonezkoen podiumean.

Manttale bigarren izan da taldekako sailkapenean, Irungo Erlaitzen ondotik 

Oier Ariznabarretak, ordubete, 39 minutu eta 21 segundoko denborarekin eta Laura Solak, 2 ordu eta 26 segundokoarekin, irabazle suertatu dira Berako XI. Mendi Maratoi Erdian, iaz bezala. Ariznabarretak ez du arazorik izan gizonezkoetan irabazteko, Didier Zagoren  eta Beñat Marmisolleren aurretik hurrenez hurren, Larun mendia punturik altuena zuen (900 metro) eta 2.700 metrotako desnibela zeukan 21 kilometrotako ibilbide gogorrean. Ikusi argazkiak

Oier Ariznabarretak, ordubete, 39 minutu eta 21 segundoko denborarekin eta Laura Solak, 2 ordu eta 26 segundokoarekin, irabazle suertatu dira Berako XI. Mendi Maratoi Erdian, iaz bezala. Ariznabarretak ez du arazorik izan gizonezkoetan irabazteko, Didier Zagoren  eta Beñat Marmisolleren aurretik hurrenez hurren, Larun mendia punturik altuena zuen (900 metro) eta 2.700 metrotako desnibela zeukan 21 kilometrotako ibilbide gogorrean. 

Irabazleak ezin izan du berak 2014n ezarri zuen errekorra hobetu, 1 ordu, 37 minutu eta 30 segundoakoa. Ibardineko tarteko helmuga, 150 eurotan saritua, ere berarentzat izan da.

Emakumezkotan, Laura Sola izan da Berako kiroldegiko helmugara iristen lehena, Alizia Olazabalen eta Aitziber Ibarbiaren aurretik.

538  korrikalarik parte hartu duten lasterketan, haietatik 530 iritsi dira helmugara, Nafarroako mendi lasterketen koparen bigarren proban. Jende aunitz hurbildu da lasterketa ikustera eta bestelako arazorik gabe eta eguraldi nahasia izan duen probataz disfrutatzera.

Taldekako salikapenean Erlaitz talde irundarra izan da garaile eta Berako Manttale Mendi Lasterketa Taldea bigarren.

Ikusi sailkapenak

 

Abiadurako eskalada txapelketa bertan behera

Euriaren ondorioz ezin izan zen Abiadurazko Eskaladako txapelketa jokatu larunbatean. Altzateko frontoiaren kanpokaldeko frontoian kokatuta zeuden bi “bietan” eskalatzea ezinezkoa izan zen, hala ere saiatuko dira bertze data batean egiten.

Gainontzeko ekintzak behar bezala egin ziren. Aizkoran jautsiera posturako bi kanporaketak euripean baina arazorik gabe jokatu ziren. Lehenengoan, Nafarroako Bigarren Mailakoan, Resano izan zen hoberena (7:22), Mindegiaren (8:06) eta Erasoren (10:08), aitzinetik, azken hau izan zen maila galdu zuena.

Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketari zegokion kanporaketan, Ruben Saralegik (21:17) maila galdu zuen Juanjo Lopezen aurka (20:58).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun