Euri-erauntsien ondorioz lur-jauziak izan dira eta errekek gainezka egin dute

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 5a, 17:10

Gogotik egin zuen euria joan den astean, eta horrek bere ondorioak utzi zituen eskual­dean. Otsailaren 25ean errekek gai­nez­ka egin zuten zenbait tokitan: Arraiozen Baztan errekak gainezka egin zuen­, Lesakan Onin errekak, Donezteben Ezpelura errekak, Beran Bidasoa ibaiak... Eta Bidasoa ibaia bera Igantziko eta Etxa­larko Bentak lotzen dituen errepide zaha­rrera ere atera zen, eta ondorioz, zenbait orduz itxita gelditu zen bidea. Hernani eta Goizueta lotzen dituen bi­dean ere Urumea ibaiak­ gainezka egin ondotik itxi egin behar izan zuten erre­pidea.
 
Lur erortzak ere izan ziren nonahi. Horietako bat Areso eta Leitza arteko NA-170 errepidean. Aspaldiko urteetako lur-jauzi handieneteko bat tarteko, errepidea itxi behar izan zuten ordu batzuez. 
 
Estazio metereologikoak egindako euri jasaren lekuko izan ziren. Berako Larretagainan dagoenean, erraterako, otsailaren 25ean 104 l/m2 bota zituen, eta Go­rramendin 135 l/m2 neurtu zituzten. Donezteben, 70,2 l/m2 bota zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun