Udal gobernu taldea utzi du Bilduk

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 5a, 16:00

Alkatea «harritua» dago erabakia legealdia bukatzeko lau hilabete falta direla hartu dutelako

Bildu Udal Taldeak, Jose Manuel Portu ordezkari duela, ez du segituko Udal Gobernu Batzordeko kide izaten, «ez gaudelako ados bertan ematen diren erabaki garrantzitsuenen gehiengoarekin, ez dugulako uste gure boza kontuan hartzen denik, ezta herritarren eskariak ere, eta Udalak, gehienean, EAJren bozkei esker funtzionatzen duelako». 

Bilduk aurkeztutako idatziak dioenez, «lehen momentutik proposatu zuten Aralar eta Bildu­ren artean gobernua eratzea, eta legegintzaldian zehar erabakiak modu honetan hartzea. Batetik, ikusita herrita­rren gehiengoak gobernu ezkertiar eta aber­tzale baten aldeko hautua egin zuela, eta, ber­tzetik, EHBilduren proiek­tua abian jarri eta horren baitako funtzionamendu baten alde egonik».

Bilduren erranetan, egungo Gobernu Ba­tzordea ez da lan egiteko gune egokia, «erabakiak hartzeko Aralarko eta EAJko ordezkariek ja­rrera oldarkorra agertu baitute hainbatetan ez bakarrik gure taldeko ordezkariarekin, baizik eta errespetu faltaz solastu direla baita herritarre­kin ere».

ALKATEAREN HARRIDURA

Marisol Taberna alkateak bere harridura agertu zuen, Bilduren erabakia legealdia bukatzeko 4 hilabete falta direnean eman delako eta «erabaki hori azal­tzeko orduan interes berezia agertzen du Aralar EAJrekin bateratzeko, eta Bildu binomio ho­rretatik urruntzeko».

Alkateak dioenez, «legealdiaren hasieran, batzordeetako ardura eta erakundeetako ordezkaritzen banaketa Aralar, EAJ eta Bildu Udal taldeen artean adostu zen, eta horrek eman dio hiru taldeei lan ildoak erabakitzeko aukera eta bidea. Horrela udal ordezkari eta talde guztiek izan dute ekimenak, proposamenak eta eskaerak egiteko eta bideratzeko aukera. Gobernu Batzordea hiru taldeetako ordezkariek osatu dute, orain arte».

Legealdian zehar alkateak berdin jokatu omen du Bildu eta EAJ udal taldeekin eta Gobernu Batzordean ere aukera hori izan da. Alkateak ez du erraten legealdian «dena ongi egin dugunik, baina erabaki gehi­en­ak aho batez hartu dira. Eztabaidak sortu dira, ba­tzuk sutsuagoak bertze­ak baino. Hortik jarrera oldarkorra eta erres­petu falta ondori­oz­tatzea, hagitz irainga­rria eta oportunista da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun