Beilatokiak eta gaztetxeak eztabaida piztu dute Udalean

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 5a, 15:55

Otsailaren 10eko udal batzarra mamitsua suertatu zen eta beilatokiari eta gaztetxeari buruzko eztabaida sakonak eman ziren.
 
Iturlandetan Irache Tanatorio taldeak ireki nahi duen beilatokiaren ingu­ruan Bilduk aurkez­tutako proposamena ez zuen onartu Udalak. Alde boz­katu zuten Bilduko lau zinegotziek eta UPNkoak eta kontra Aralarko hiruk eta PNVko biak. Azkenean, alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen.
 
Idatziak zioenez, «he­rrian arazo bat dago, bizilagunen desadostasunaren gainetik beilatoki bat eraikitzen ari direlako etxebizitzak dauden eraikin batean». Udala arazo hau trata­tzera behartua dagoela zioen proposamenak. Beilatokiak eraikitzeari buruzko ordenantzaz hausnarketa prozesu partehartzailea martxan jartzea ere eskatzen zuen.
Alkateak gogorarazi zuen «gaia landu dela udalean, herritarrekiko bileretan, Gobernu ba­tzordean… Arartekoari erantzuna eman zitzaion eta bere gomendioak ez dituzte konparti­tzen, ez baitira bideragarriak». Ordenatzak aldatzeko eta prozesu bat irekitzeko Bilduk egindako proposamenaz, «Udalak Udaletxean tratatu nahi du gaia eta  haiek nahi zuten gaia kanpora atera­tzea», aipatu zuen. PNVko Santiago Altzugurunen erranetan, «ordenantza aldatzea 5-6 hilabete kostako litzateke». UPNko Juan Losak onartu zuen arazo bat badagoela, «900 per­tsona aurka daudelako».
 
GAZTETXEA 
Udalak Kaxerna gaztetxearen gaia lantzeko konpromisoa hartu zuen ahobatez. Bilduk eskatzen zuen Udalak «ez dezala onartu UPN udal taldeko zinegotziak Gaztetxea ixtearekin egindako mehatxurik, ezta helburu berarekin Polizia Foralarengana jo izana». Gaztetxeari babesa eskaini eta kon­tzertu gela erabilgarri izan dadin bere eskuetan dagoena lehenbailehen egiteko ere eska­tzen zion. Udal talde ezberdinetako ordezkariek gaztetxearen eta kulturaren kontra ari­tzea leporatu zioten UPN­koari. Alkateak erran zuen «egin behar diren lanak Udalak ezin dituela egin, badira bertze udal eraikinak egoera berean». UPNko zinegotziak aipatu zuenez, berak gaztetxea hobetu nahi du, «egoera onean egotea eta lokala Berago gaztedi guztiaren­tzat izatea». Garazi Taberna, Bilduko zinego­tziak Juan Losak gaztetxeari buruz duen iri­tzia aldatu duela aipatu zuen, «beti erran baitu ‘os voy a cerrar el chiringuito’».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun