Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2015

Asteburuan abiatuko da Nafarroako bertsolari txapelketako finalaurrekoetako fasea, Berriozar eta Lesakako saioekin

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 6a, 09:17
Finalerako txartelaren bila lehiatuko dira asteburu honetan Berriozar eta Lesakan. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Lesakako Harriondoan, igandean 17:30ean hasiko da saioa

Larunbatean Berriozarren eta igandean Lesakan jokatuko dira Nafarroako Bertsolari txapelketako finalaurrekoak, seina bertsolarirekin. Saio bakoitzeko irabazlea, martxoaren 28an Elizondon jokatuko den finalera pasako da zuzenean.

Larunbatean Berriozarren eta igandean Lesakan jokatuko dira Nafarroako Bertsolari txapelketako finalaurrekoak, seina bertsolarirekin. Saio bakoitzeko irabazlea, martxoaren 28an Elizondon jokatuko den finalera pasako da zuzenean.

Aurtengo edizioak izango dituen hiru finalaurrekoetatik lehena da Berriozarkoa. Herriko Entzunaretoan izango da hitzordua arratsaldeko 17:30ean.

Oholtza gainean sei bertsolari arituko dira kantuan: Jon Barberena baztandarra, ohiko finalista eta aurtengo final-laurdenetako Iruñeko saioa irabazita zuzenean sailkatua. Julio Soto gorritiarra, bi aldiz txapelduna eta Irurtzungo saioa irabazita zuzenean sailkatua. Eneko Fernandez lesakarra, aurreko edizioko finalista eta Txapelketa Nagusian aritutako bertsolaria. Iñigo Olaetxea lesakarra, txapelketako parte-hartze mailan beteranoa eta urtez luzez finalista izandakoa. Alazne Untxalo iturendarra, bertsolari gaztea eta txapelketan ohiko parte-hartzailea. Eta Sarai Robles barañaindarra, hau ere bertsolari oso gaztea eta txapelketan lehen parte-hartzea duena. Aurkezle lanetan berriz, Fernando Anbustegi arituko da.

Lehen finalaurreko honekin batera, lehen finalistaren izena ere ezagutuko da, saioa irabazten duenak zuzeneko sailkapena lortuko baitu. Gainontzeko bertsolariek puntuazio orokorren zain egon beharko dute.

Saiorako sarrera hamar eurokoa da, sei euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Berriozarko Ekia ekodendan eskuratu daitezke edo www.bertsosarrerak.eus atarian. Takila berriz, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da aretoan bertan.

Berriozarko udalak lagundu du saioa antolatzen.

 

Igandean, Lesakan

Martxoaren 8an izango du segida finalaurrekoetako faseak. Lesakako Harriondoa Kultur Etxean arratsaldeko 17:30ean honako sei bertsolariak arituko dira kantuan: Aimar Karrika auriztarra, aurreko edizioko finalista eta Zubiriko saioa irabazita zuzenean sailkatua. Ander Fuentes “Itturri” zubietarra, txapelketan beteranoa, finalista izandakoa eta Lizarrako final-laurdena irabazita zuzenean sailkatua. Julen Zelaieta beratarra, txapeldun izandakoa eta ohiko finalista. Xabier Terreros lesakarra, lau urtetako geldialdiaren ondotik txapelketara itzulitakoa eta hainbat edizioetako finalista. Amaia Elizagoien oronoztar bertsolari gaztea, txapelketan bigarren parte-hartzea duena eta Kotte Plaza iruritarra, Baztango helduen bertso-eskolako kidea eta lehen aldiz Txapelketan lehian dabilena. Saioa, Alaitz Rekondok aurkeztuko du.

Berriozarren bezala, Lesakan ere saioa irabazten duenak zuzeneko sailkatzea lortuko du finalerako eta gainontzeko bost bertsolariek martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekora arte itxaron beharko dute puntuazioz finalistak diren jakiteko.

Lesakako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian eta herriko okindegian eskuratu daitezke. Takila, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da Kultur Etxean bertan.

Lesakako finalaurrekoaren antolaketan Lesakako udalak eta Bortzirietako Bertso Eskolak lagundu dute.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus webgunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun