Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2015

Asteburuan bukatuko da final-laurdenetako fasea, Lizarra eta Lakuntzako saioekin

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 20a, 08:52
Bertsozaleek hitzordu bikoitza izanen dute asteburu honetan. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Finalaurrekoetako protagonista zein izanen diren erabakiko da

Larunbatean Lizarran eta igandean Lakuntzan jokatuko dira hurrenez hurren Nafarroako Bertsolari txapelketako laugarren eta bosgarren final-laurdenak eta beraz, finalaurrekoetako saioak erabakita geratuko dira.

Larunbatean Lizarran eta igandean Lakuntzan jokatuko dira hurrenez hurren Nafarroako Bertsolari txapelketako laugarren eta bosgarren final-laurdenak eta beraz, finalaurrekoetako saioak erabakita geratuko dira.

2013ko esperientzia onari jarraiki, edizio berri honetan ere Lizarran Nafarroako Bertsolari Txapelketako saio bat antolatuko da; final-laurdenen faseko laugarrena hain zuzen.

Larunbatean, otsailaren 21ean izango da hitzordua, arratsaldeko 5:30ean Gazteriaren Etxean. Oholtzan kantuan sei bertsolari: Eneko Fernandez eta Josu Sanjurjo lesakarrak, Egoitz eta Iker Gorosterrazu iturendarrak, Ander Fuentes “Itturri” zubietarra eta Mikel Lasarte Barañaingo bertsolari gaztea, bere lehenengo parte-hartzea izango duena. Aurkezle lanetan berriz, Ainhoa Larretxea arituko da. Puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolaria, martxoaren 8an Lesakan jokatuko den finalaurrekora sailkatuko da zuzenean.

Saiorako sarrera sei eurokoa da, lau euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik Lizarrako euskaltegian eskuratu daitezke edo eta www.bertsosarrerak.eus atarian. Takila arratsaldeko 16:00etan zabalduko da, aretoan bertan.

Gaur egun hiru bertso-eskola daude Lizarran, 14 kidez osatutako helduen taldea eta 15 gazte biltzen dituzten bi talde. Transmisio arloan egiten den lan horri ekarpena egin nahi dio Txapelketak. Eta gure esker ona beraz, saioa antolatzen lagundu duten Lizarrako Udalari eta Lizarrako Bertso Eskolari.

 

Igandean, Lakuntzan

Otsailaren 22an Lakuntzako Kultur Etxean, bosgarren eta azken final-laurdena jokatuko da. 17:30ean hasita, honako sei bertsolariek kantatuko dute: Eneko Lazkoz etxarriarrak, Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea eta Ioar Tainta lesakarrek, Patxi Castillo beratarrak eta Xabier Maia elizondarrak. Maider Ansa Sakanako Bertso Eskolako kidea izango da aurkezlea. Saioko irabazleak martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den finalaurrekorako sailkatze zuzena eskuratuko du eta berarekin batera, hiru finalaurrekoetan kantatuko duten 18 bertsolarien izenak erabakita geratuko dira; bost final-laurdenetako irabazleak eta 13 puntuaziorik onenak eskuratzen dituzten bertsolariak. Finalaurrekoak Berriozar, Lesaka eta Burlatan izango dira, martxoaren 7, 8 eta 15ean hurrenez hurren.

Lakuntzako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus atarian eta herriko Apur okindegian eskuratu daitezke. Takila, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da Kultur Etxean bertan.

Lakuntzako final-laurdenaren antolaketan Lakuntzako udalak eta Sakanako Bertso Eskolak lagundu dute.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.bertsozale.eus web gunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun