Maiatzeko udal hauteskundeak prestatzen hasi da Doneztebeko EH Bildu. Lehendabiziko aldia izanen da EA, Sortu, Aralar eta Alternatiba udal Donezteben koalizioan aurkeztuko direna. Beraz, oraingoan indar metaketa honek kandidaturari itxura berria emanen dio.
Urtarrilean talde eragilea eta hainbat ‘norbanakorekin’ egoteko asmoa du Doneztebeko EH Bilduk, dauden beharrak eta erronkak ezagutzeko. Otsail hasieran batzar idekia egin nahi dute abiatu duten proiektua herritarrei aurkezteko eta parte hartzera gonbidatzeko. Batzar horretan bildutako proposamenak eta ekarpenak kontuan hartuta, eta talde eragiletik bildutakoa ere jaso ondotik, hauteskunde-programa osatuko dute. Otsailean ere zerrendan joanen den jendea zehazteko asmoa dute, behin betiko programa erredaktatu eta ixteko. Gero, bigarren batzar idekia eginen dute programa onartu eta zerrendari buruz aritzeko.
Aurreikusi duten kronogramaren arabera, martxoan, hauteskunde-zerrenda itxi, hirugarren batzar idekia egin (zerrenda onartzeko) eta bai programa zein zerrendak, biak argitara emanen dituzte. Lan horiek guztiak bideratzeko, lan banaketa eta azpibatzordeak prestatu nahi dituzte.
Doneztebar guztiak prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, adin, errealitate eta esparru ezberdinetako jendea erakarri asmoz.