Nafarroako udalerri euskaldunetako liburutegi eta osasun etxeetan herritarrek euskaraz aritzeko «arazo larriak dituztela» salatu du bertze behin UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta gaia Nafarroako Parlamentura eramatea erabaki du. Gaur, azaroak 19, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Batzordea eta Osasun Batzordean parte hartuko dute UEMAko ordezkariek eta egoeraren berri eman eta arazoa gainditzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte.
Legeak herritarrei euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen diela azpimarratu du UEMAk, baina «Nafarroako udalerri euskaldunetako liburutegi eta osasun etxeetan ez da euskarazko zerbitzurik ematen». UEMAk ez ezik, Nafarroako Arartekoak eta Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak arazoa gainditzeko neurriak hartu dituztela oroitarazi dute UEMAtik.